Sagardoaren Txapelketako Erremontari saioan finalerdietarako sailkatzeko play off partida jokatu dute astearte arratsaldean Josetxo Ezkurra doneztebarrak eta Aritz Juanenea saldiastarrak (Bereziartua) eta Imanol Ansak eta Aritz Zubiri goizuetarrak (Aburuza), hasierako ligaxkako hirugarren eta laugarren sailkatutako bikoteek. Kirolean buelta handiak izaten dira batzuetan eta Galarretara hurbildu ziren 400 pilotazaleek horietako bat ikusi ahal izan zuten. Azkenean, Ezkurra II.ak eta Juaneneak lortu zuten finalerdietarako txartela.
Partida berdindua, gogorra eta ikusteko polita izan zen, tanto ikusgarriekin. Lehen jokoan Ansa II.a eta Zubiri nagusitu ziren, 15-10. Goizuetarra bikain aritu zen eta Ansak ere ongi akitu zituen tantoak. Malerrekako bikoteak, aldiz, ez zuen jokoan sartzea lortu. Bigarren jokoa ere bide beretik joan zen. 8-3 irabazten joan ziren Aburuzakoak eta finalerdietarako txartela ongi bideratua zuten. Pilota zailak eraman zituen Zubirik eta Ansak ez zuen hutsik egiten. Oraindik gehiago, 14-10 ere jarri ziren bigarren joko horretan, finalerditik tanto bakarrera. Baina Ezkurra II.a eta Juanenea, josi ala urratu, bortz tanto segidan egin eta 14-15 irabazi zuten bigarren jokoa eta kitarakoan erabaki zen partida. Beharbada bigarren jokoa galtzeko moduagatik edo nekearengatik, Aburuzako bikoteak ez zuen asmatu hirugarren jokoan. Ordura arte pilota bakar bat ere galdu ez zuen Zubirik bizpahiru galdu zituen, baita Ansak ere. Ezkurra II.ak eta Juaneneak hirugarren jokoko zortzi tantoak bata bertzearen segidan egin zituzten (0-8). Partidaren azkenean, beraz, 0-13ko partziala egin zuten eta finalerdia jokatuko dute heldu den astelehenean Kemen Aldaberen eta Endika Barrenetxearen kontra (Oialume Zar). Finalerdiko irabazleen esperoan daude finalerako zuzenean sailkatutako Urriza eta Larrañaga (Petritegi).
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!