Ortziraleak, Sunbillan, Kukuprakak (Barrokal, Orbegozo eta Aranburu pilotariak eta Maialen Akizu bertsolaria) eta Bitxiloreak (Agirre, Iturriaga leitzarra eta Galeano pilotariak, Xebastian Lizaso bertsolariarekin) taldeak aritu ziren. Finalera sartzekotan, Bitxiloreek puntu bakarra aski zuten eta Kukuprakek biak behar zituzten. Ongi hasi ziren buruz burukoan eta partida gogor baten ondotik Barrokalek 18-15 irabazi zion Agirreri. Binakako partidan, aldiz, Bitxiloreek azkar hautsi dute partidua takada luzea eginez. Partidua bideratuta zutenean (Iturriagak eta Galeanok 19-9 irabazten ari zieten Aranbururi eta Orbegozori), zoritxarrez Oihana Orbegozok min hartu zuen eta ezin izan zuten partidua bukatu. Honenbestez, puntua eta finalerako txartela Bitxiloreentzat.
Igandean, berriz, Eguzkiloreak eta Mitxoletak taldeak izan ziren aurrez aurre Urdazubin. Eguzkiloreak taldeak (Arrieta, Mendiburu eta Mujika pilotariak, Uxue Fernandez bertsolariarekin) puntu bakarra aski zuen finalera sartzeko, baina Mitxoletak taldeak (Arrastia, Ruiz de Infante eta Oskoz pilotariak, Angel Mari Peñagarikano bertsolariarekin) ezustekoa eman eta bi partidak irabazi zituen, finalerako txartela eskuratuz. Buruz burukoan, Oskozek 18-5 irabazi zion Mendibururi eta Mitxoletek garaipenean sinisten hasi ziren. Binakakoan, Arrastiak eta Ruiz de Infantek 22-14 irabazi zieten Arrietari eta Mujikari.