Julen Gabirondok botatako erronkari bikain erantzun dio Zigako Joxean Etxeberriak eta larunbatean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatutako apustua nagusitasunez irabazi zuen. 60 ontzako hamasei enborrak mozteko ordubete, hamabortz minutu eta sei segundo behar izan zituen Etxeberria II.ak eta lau bat minutu gehiago Urnietakoak. Gisa horretara, jokoan zeuden 8.000 euroak eskuratu ditu Zigako aizkolariak.
Duela hiru hilabete eskas, martxoaren 8an, Basozabalen kontrako aizkora apustua ere irabazi zuen Zigako Joxean Etxeberriak eta orain, Gabirondoren kontrakoa. Aitzinetik, 2017an aizkora eta lasterka proba mistoa irabazi zion Xabier Zalduari eta 2019an aizkora apustua Eloy Kortxerori. Gabirondok, berrizz, aizkora eta sega desafioa irabazia zion Zalduari.
Joxean Etxeberria kontent zegoen apustuko emaitzarekin, «arras gogorra izan da eta gaizki pasatu dut, baina aitzinera segitu dut, sufrituz, eta azkenean abantailarekin akitu dut», adierazi zuen.
Gabirondo aitzinetik hasi zen, baina «seigarren enborrean bete naiz, beroarekin eta behera egin dut, buelta ematea asko kosta zait».