Osasun aholkuak

Zoster herpesaren kontra babesteko gomendioak eman ditu Lesakako Osasun Zentroak

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 31a, 08:00

Zoster herpesa (ZH) infekzio birala dela esplikatu du Lesakako Osasun Zentroak, «barizela-zoster birusa berraktibatzeak eragindakoa». Hori izan du hizpide aldi honetan osasun gomendioen atalean.

Esplikatu duenez, «barizela izan ondotik, birusa latente gelditzen da nerbio ehunean eta, ondotik, berriz aktibatzen da immunitate sistemako alterazio batzuengatik. Mina eta aldebakarreko larruazaleko erupzio besikularra eragitea du bereizgarri». Horrekin batera, «konplikazio ohikoenetako bat herpes birusagatiko neuralgia» dela erran du: «hagitz mingarria eta ezgaitzailea da eta pazienteen bizi kalitatean eragin handia izan dezake».

Azalpen gehiago ere eman ditu:

Nork pairatu dezake ZHa?

«Barizela zosterraren birusaren ondoriozko infekzio naturala izan duen orok arriskua du zoster herpesagatiko berraktibazioa izateko. Hori izateko arriskua bereziki handitzen da 50 urtetik aitzinera eta immunodepresio egoeretan».

ZHren prebentzioa eta kontrola

Gaur egun, Nafarroan «txerto inaktibatu bat» ematen dela ere erran du Lesakako Osasun Zentroak (Shingrix®). «Infekzio hori prebenitzeko eta kontrolatzeko modurik eraginkorrena da». Horretarako, pauta hau omen da: «bi dosi eta dosien arteko tartea: 0-2 hilabete». Babesaren iraupena «gutxienez hamar urtekoa dela uste da».

Aipatutako txertoaren inguruko informazio gehiago dokumentu honetan zabaldu du Lesakako Osasun Zentroak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun