Osasun aholkuak

Asmaren inguruko jakingarriak Lesakako Osasun Zentroaren eskutik

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 26a, 08:30

Lesakako Osasun Zentroak noizean behin ematen dituen osasun aholkuei segida emanez, aldi honetan asma izan du hizpide. Zer den, bere tratamenduaz eta bertze hainbat kontu hartu ditu hizpide.

Nafarroako Gobernuaren gomendioekin bat eginez, hauek dira Lesakako Osasun Zentroak oroitarazi duena:

Zer da asma?

Asma arnasbideetako gaixotasun kronikoa da. Eritasun honetan, zenbait estimulu direla-eta, bronkioek neurriz gorako erantzuna dute, puztu egiten dira, estutu eta, horren ondorioz, gehiago kostatzen da arnasa hartzea eta botatzea. Bronkioen buxadura hori berez pasatzen da batzuetan, baina oro har botikaren bat hartu behar izaten da.

Eritasuna errazago ager daiteke baldin eta:
  • Norberak ttikitan edo senideren batek asma edo alergiak izan baditu.

  • Eriak alergiaren bat badu: akaroei, polenei, animaliei, lizunari, lan ingurunean dauden substantziei eta abarrei.

Gainera, badira bertze faktore batzuk asma eragin dezaketenak:
  • Produktu kaltegarriekiko esposizioa: tabakoa, ingurumen kutsatzaileak, etab.

  • Arnasbideetako infekzioak: hotzeria, gripea, sinusitisa, bronkitisa.

  • Klima: hotza, hezetasuna.

  • Jarduera fisiko handia.

  • Jakiak prestatzean sorturiko lurrunak arnastea.

  • Egoera estresagarriak.

  • Zenbait botika: aspirina, antiinflamatorioak, betablokeatzaileak (hipertentsioaren tratamendua, kolirioak...), etab.

Hauek dira sintoma nagusiak:
  • Arnasestua: itolarria, itomena edo airea falta zaigula eta arnasa hartzeko zailtasuna dugula sumatzea.

  • Eztul idor eta errepikatua, gauez gehienbat.

  • Txistu hotsak edo zaratak arnasa hartzean.

  • Presioa bularrean.

  • Batzuetan, sudurrean aznahia edo sudurra itxita duzula senti dezakezu, doministikuak, etab.

Bolada batzuetan ez da sintomarik agertzen eta bertze batzuetan, ordea, larriagotu egiten da (krisia edo gaizkiagotzea). Asma larria denean, zenbait kasutan, sintomak etengabeak dira, nahiz eta tratamendua egokia izan.

Asmaren tratamendua

Sendatzen ez den gaixotasun kronikoa den arren, gaur egun tratamendu hobeak ditugu eta jende gehienak eritasuna kontrolpean izan dezake. Hagitz garrantzitsua da zeu arduratzea. Zure osasun etxean laguntza ematen ahal dizute.

Eragileak kontrolatzea:
  • Saihets itzazu asma eragiten dizuten substantziak: (akaroak, polena, etab.).
  • Erretzailea bazara, utzi iezaiozu erretzeari, betiko.
  • Arnasbideetako infekzioak prebenitu behar dira: saihets itzazu hozberoaren aldaketa bat-batekoak. Jar ezazu gripearen kontrako txertoa urtero, baita pneumokokoaren kontrakoa ere, jarria ez baduzu.
Sendagaiak errandako moduan eta dosian hartu behar dituzu, eta ez diozu hartzeari utzi behar hobeki sentitu arren:
  • Kontrolerako botikak, epe luzekoak (kortikoideak, inhalatuak eta bertzelakoan): modu jarraituan hartzen dira, sintomei aurre hartzeko.
  • Sintomak laster arintzeko edo erreskateko botikak (eragin laburreko bronkodilatadoreak): eritasunak okerrera egiten duenean hartzen dira. Gomendagarria da beti aldean eramatea.
  • Immunoterapia, asma alergikoa denean.

Garrantzitsua da ongi ikas dezazun nola erabili behar den zure inhalagailua.

Nola erabili Gehieneko Arnas Fluxuaren neurgailua (GAF): Batzuetan beharrezkoa izan daiteke idatziz jasotzea bai GAFaren emaitzak, bai zure sintomak.

Egin ezazu ariketa egunean 30 minutuz, hasieran poliki arituz, beroketa ariketak eginez, eta sobera nekatu gabe. Ariketak asmaren sintomak pizten badizkizu, ariketa hasi baino 10-15 minutu lehenago eragin laburreko bronkio-zabaltzaile bat inhalatu dezakezu. Indarra hobetzeko ariketak ere egin ditzakezu (gomak, pisuak, etab.) eta malgutasuna lantzekoak (gimnasia, yoga, etab.).

Arnasketako ariketak egitea garrantzitsua da.

Estresaturik egonez gero:
  • Ikas ezazu lasaitzen.

  • Antolatu zure bizimodua larritasunik eta presarik gabe, behar adina atsedenaldi hartuz.

  • Entretenitu zaitez jarduera atseginak eginez.

  • Lan bizitza, familia, aisialdia eta atsedena orekatu beharra dago.

  • Bilatu familiaren eta adiskideen laguntza.

Bertze zainketa batzuk:
  • Elikadura osasungarria, denetarik eta orekaz janez, fruta eta barazki asko hartuz.
  • Saia zaitez pisu osasungarri bati eusten.
  • Ahoko higienea: garrantzitsua da inhalagailuak erabiliz gero.
  • Tentuz ibili behar da asma gaizkitzen ahal duten sendagai jakin batzuekin.
  • Termalismoa.
  • Egokitu zure bizimodua arnasa hartzeko unean-unean duzun gaitasunari.

Gaixotasunarekin bizitzea, zeure burua zaintzea eta gaixotasuna kontrolpean izatea

Batzuetan denbora behar izaten da onartzeko asma bizitza guztirako eritasun kronikoa dela. Krisiek eta bertze faktore batzuek larritasuna, suminkortasuna, tristura, etab. eragiten ahal dizute edo sentitu dezakezu ustekabean datorkizula. Halere... asma kontrolagarria da!

Mesede eginen dizu zeure burua zaintzeak eta maitatzeak; ohartuki eta etengabe saiatzeak, zeu arduratzeak zure eritasuna kontrolatzeaz eta ekintza plan bat taxutzeak eta hari atxikitzeak.

Zeure burua zaintzeko neurriak errazak dira, nahiz eta nekeza izan daitekeen haiek ikastea eta barneratzea. Zeuretzat egokienak direnak bilatzea eta aukeratzea da kontua. Zailena aldaketei eustea da eta neurri horiek eguneroko bizimoduan txertatzea.

Bilakaera ona izan dadin, garrantzitsua da neurrioi eustea eta asma kontrolatzeko hitzorduetara joatea.

Asma kontrolpean izanen da, baldin eta:

  • Sintomak gehienez astean bi egunez badituzu eta hilabetean gehienez behin edo bitan esnatzen bazara gauez.

  • Zure ohiko jarduera guztiak egin baditzakezu.

  • Sintomak laster arintzeko botikak gehienez ere astean bitan baino ez badituzu hartu behar.

  • Kortikoide-pilulak hartzera behartzen zaituen krisi bat baino ez baduzu pairatzen urtean.

  • GAFaren balioa ez bada zeure balio optimoaren % 80tik beheiti joaten.

Anitz jende, beren burua zainduz, lehenago baino hobeki daude, hobeki sentitzen dira eta gai dira bizimodu arrunta egiteko.

Noiz egin behar dut kontsulta?

Batzuetan asmak okerrera egiten du:
  • Sintomak sarriago agertzen dira, egunetan bitan baino gehiagotan, handiagoak dira edo gauez esnatzen zaituzte.
  • Maizago hartu behar izaten duzu sintomak arintzeko edo erreskateko botika, egunean bitan baino gehiagotan, astean bitan baino gehiagotan.
  • Ez zara eskolara edo lanera joaten asma dela-eta, edo ariketa fisikoa mugatzen dizu.
  • GAFaren balioa zeure balio optimoaren erditik beheiti dago edo hagitz gorabeheratsua da egun batetik bertzera.
  • Iruditzen zaizu asmarako sendagaiek ez dutela bere lana egiten.
Zer egin behar dut sintoma horiek agertuz gero?
  • Berehala hartu behar da tratamendua, okerrera egin ez dezaten.
  • Arnasa hobetzeko inhalagailua erabili behar duzu: 2 inhalazio, beharra sentitu ahala, edo 4-6 ordutik; eta hitzordua eskatu behar duzu osasun etxean.
  • Hobera egiten ez badu: joan zaitez osasun etxera edo larrialdi zerbitzura.
Deitu 112ra edo joan zaitez larrialdietara, baldin eta:

Arnasa hartzeko zailtasun handia baduzu eta esaldi laburrak baizik ezin badituzu erran; edo ezpainak edo azazkalak ubeldu bazaizkizu. Egoera larria da. Bien bitartean, segi ezazu arnasa hobetzeko inhalagailua erabiltzen: bi inhalazio 15-20 minututik.

Nafarroako Gobernuak gaiaren harira prestatutako infografia hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun