Lanbide Heziketa Dualeko murrizketak salatu dituzte Elizondon eta Beran

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 29a, 11:00

Elizondoko ikastetxeko langileek elkarretaratzea egin zuten atzo. Utzitakoa.

Elizondo Lanbide Eskolako irakasleek elkarretaratzea egin zuten atzo eta gaur goizean Berako Toki Ona institutuko langileak bildu dira, heldu den ikasturtera begira Hezkuntza Departamentuak ezarriko dituen murrizketak gaitzesteko

Orain arte, Lanbide Heziketako tutoreek astean hiru ordu zituzten ikasleen praktikak prestatu eta koordinatzeko, eta eredu duala sartu zenetik, lau ordutara zabaldu zuten. Baina heldu den urtera begira, Hezkuntza Departamentuak ordu bakarrera murriztu nahi du lan hori.

Hori dela eta, ikastetxeetako langileek hiru puntu kritiko mahaigaineratu dituzte. Lehenik, «eredua Duala ezarri zenetik, aldaketak ez dira behar bezala egiten ari eta irakasleen lan karga handitzen ari da eskola orduetan eta eskola orduetatik kanpo». Bigarren, «irakasleoi ez digute inoiz galdetzen Lanbide Heziketan egiten diren aldaketen inguruan». Eta hirugarren, «araudi berriaren ondorioz, Lanbide zentroek gainezka egiten ari gara enpresen hitzarmenekin, dualaren egokitzapenekin, curriculum berriekin, lanaren formakuntzekin eta akreditazioen prozesu guziarekin. Hori guztia, Hezkuntza Departamentuak ez dizkigulako beharrezko baliabideak eman».

Toki Ona Lanbide Hezkuntzako irakasleak gaur goizean. Utzitakoa.

Horrez gain, langileek salatu dute «astean ordu bakarrarekin eredu duala antolatzeko, ezin ditugu bermatu tutoreen formakuntza ezta lanak egiteko baldintza egokiak ere». Ikasturte honetan dualarekin izandako esperientziaren arabera, «tutore bakoitzak astean zortzi ordu bederen beharko lituzke kalitatezko formakuntza bermatzeko, ikasleen eta enpresen jarraipen egokia egite aldera».

Azkenik, «departamentuak eman digun azalpen bakarra da ez dagoela aurrekonturik. Ikusi beharko dugu zer gertatzen den heldu den urtean, baina seguruenik ordu bakarrean ezin izanen ditugu ikasle guztien praktikak antolatu. Hori dela eta, departamentuak neurriak hartu beharko ditu, bertzela, ikasleak praktikarik gabe geldituko dira, eta praktikari gabe ez dute titulaziorik lortuko, horrek dakarren guziarekin».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun