Duela hiru hilabete eskas, martxoaren 8an, Basozabalen kontrako aizkora apustua irabazi zuen Zigako Joxean Etxeberriak eta orain, bertze bat eginen du. Hain zuzen, Julen Gabirondo urnietarrak bota zion erronka zuzen zuzenean Etxeberriari eta, ohikoa denez, Tolosako Kantabrikon egin zuten hitzordua. Bi aldeek adostu zutenez, maiatzaren 31n eginen dute apustua Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, larunbat arratsaldeko zazpietan hasita. Erdibana eramanen duten 60 ontzako hamaseina enbor moztu beharko dituzte eta aizkolari bakoitzak 4.000 euro paratuko ditu jokoan.
Joxean Etxeberriak orain arte jokatu dituen hiru apustuak irabaziak ditu: Xabier Zalduaren kontra aizkoran eta lasterka eta Eloy Kortxeroren eta Basozabalen kontra aizkoran. Gabirondok, berriz, Euskal Herriko sega txapelketa irabazia du zazpi aldiz eta Zalduaren kontrako aizkora eta sega desafioa irabazi zuen. Euskal Pentatloian ere emaitza onak lortu ditu.