Zegama-Aizkorri mendi maratoia osatu duten eskualdeko bortz lasterkarien bizipenak

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 28a, 11:00

Jende aunitz bildu zen igandean Zegama-Aizkorri proban lasterkariak animatzera. Argazkia: Maider Fagoaga.

Hodei Lujanbiok (Goizueta), Maddalen Jimenezek (Bera), Adur Yancik (Igantzi), Ane Elzaurdiak (Bera) eta Egoitz Zubirik (Goizueta) parte hartu zuten maiatzaren 25ean Zegama-Aizkorri mendi maratoian. Bortz horietatik lau, gainera, lehenengoz aritu dira proba ezagunean. Guztien bizipenak eta egindako denborak jaso ditugu.

Iaz bezala, aurten ere Hodei Lujanbio goizuetarra izan da eskualdeko lehen sailkatua 4.58.16 segundoko denbora eginda. Emakumezkoetan, aldiz, Maddalen Jimenez beratarra izan da eskualdeko lehen sailkatua  5.26.13 segundoko denborarekin bere lehen parte hartzean.

GIZONEZKOEN SAILKAPENA  
Izen-abizenak Herria Denbora Postua
Hodei Lujanbio Apezetxea Goizueta 4.58.16 110
Adur Yanci Irigoien Igantzi 5.42.21 177
Egoitz Zubiri Goizueta 6.30.16 277

 

EMAKUMEZKOEN SAILKAPENA
Izen-abizenak Herria Denbora Postua
Maddalen Jimenez Andrés Bera 5.26.13 35
Ane Elzaurdia Mentaberri Bera 6.00.54 46

 

Hodei Lujanbio Apezetxea (Goizueta)

Laugarren aldiz jarraian osatu du Hodei Lujanbiok Zegama-Aizkorri. Argazkia: Zabalafoto.

«Gorputzak momentu on eta txarrak izaten ditu, beraz batzuk disfrutatu eta besteei buelta ematen jakin behar da»

Laugarrenez osatu du Zegama-Aizkorri mendi maratoia Hodei Lujanbio Apezetxea lasterkari goizuetarrak «zortez edo irabazita dortsala ziurtatuta» izaten baitu aurreko urteetan egindako denborarengatik. Hala ere, Zegama-Aizkorri «urtero berezia» izaten dela dio. «Mundu mailako lasterketa garrantzitsuenetakoa da, eta hori nabari izaten da aurreko egunetako baina bereziki lasterketa eguneko urduritasun eta gogo berezi batekin».

Behin lasterketa hasita, Lujanbiok dionez, emozioa da gailentzen dena «ibilbide guztian zehar jasotzen diren animo eta jendearen bultzadak sortzen duena». Hain zuzen, nabarmendu du hori dela lasterketa hau mundu mailan berezi egiten duena: «Zoragarria jende arte horretan lasterka egitea! Izugarrizko gozamena!».

Hala ere, lasterketa gogorra da Lujanbioren hitzetan, 42km eta desnibel asko dauzkana, eta lasterka egiteko «oso zailak diren leku asko dauzkana, teknikoa».  Horregatik, neurtzen jakitea «oso garrantzitsua» dela dio: «Jendearen bultzadak azkarregi joatera eramaten zaitu, eta horrek faktura handia pasatzen du gero. Kontuz ibili behar da horrekin!».

Aurtengoan distantzia luzerako entrenatu gabe ailegatu da lasterketara goizuetarra, eta luze egiteko beldurrarekin joan zen Zegamara. Lasterketa erdi aldera erretiratzekotan izan zen, karranpekin ezin mugituz, baina azkenean, suabe jarraitu eta  hartzea lortu zuen, «nahiko ongi» bukatzera lortuz: «Hori ere badaukate lasterketa luzeek, buruak lan handia egiten du, eta gorputzak momentu on eta txarrak izaten ditu, beraz batzuk disfrutatu eta besteei buelta ematen jakin behar da».

Guztiaren gainetik, Zagamakoa «festa handi bat» dela dio, «ingurukoekin disfrutatzeko eguna!».  Aurten gainera kuadrillako beste lagun bat ere atera da lasterketan, eta horrek ere ilusio berezia sortu dio: «Berekin prestatzea, sentsazioak partekatzea, bizipenak konpartitzea... berezia izan da!».

Maddalen Jimenez Andrés (Bera)

Zegama-Aizkorrin lagundu duten pertsonak eskertu ditu Jimenezek. Argazkia: Guillame Soler.

«Zegama Aizkorri egun horretan bizi izandako emozioak eta sufrimendua dira»

Maddalen Jimenez Andrés beratarrak lehen aldiz osatu du Zegama Aizkorri maratoia. Zegama-Aizkorri hainbat lagunei esker osatu ahal izan duela nabarmendu du: «Zegama-Aizkorri dortsala eskaini zidan nire laguna Ander da, eta entrenamenduak antolatzen aritu den Julen; berari esker bide egokia marraztu ahal izan dut. Angeltxo, Beñat, Leku, Luisen eta bertze hainbat bidelagun dira, beraien laguntzaz egin ahal izan ditut entrenamendu gogor-gozagarri horiek. Elikaduraren arloan, Lorea da eta nola ez, Soronea Ammmako taldekideak dira».

Egunean berean, zein aitzinetik lagundu dutenez ere oroitu da proba bukatu berritan: «Lasterketan zehar laguntzeko prest egon ziren guztiak, bertaratu zirenak eta  hurbildu ezin izan zirenak ere bai; lagunak, senideak, ezagunak…  Eta ondotik jasotako mezuak, deiak... baita egun horretan bizi izandako emozioak eta sufrimendua ere. Eta nola ez, gurasoen eta Mexikon bizi den familiaren maitasuna da, bidelagun izan baitira urrats bakoitzean».

Adur Yanci Irigoien (Igantzi)

Pentsatu baino «aunitzez hobea» izan da  Zegama-Aizkorri lasterkako esperientzia Iantzirentzat.

«Bizitzan ahaztuko ez dudan egun bat izango denaren dudarik ez dut»

Lehenengoz parte hartu du Zegama-Aizkorrin Adur Yanci igantziarrak, eta dortsala lortu zuen lehen unetik hasi zen mentalizatzen heldu zitzaion «erronka fisiko eta mentalaz». «Korrika ibiltzen  edozeinek daki zer bihurtu den Zegama-Aizkorri eta horrelako sona dun lasterketa batean parte hartuko duzula jakiteak, munduko korrikalari hoberenekin batera, bertigo pixka bat ematen du».

Probaren hasiera hasieratik nabaritu zuen publikoaren berotasuna igantziarrak: «Ez dut erranen kilometroak pasatzerik nahi ez nuenik baino bereziki publiko aunitz zegon lekuak bukatzean pena sentitzen nuen, ia seguru berriz errepikatuko ez dela banekielako».

Lasterka ari zen denbora guzian «bizitzen ari zen esperientziagatik zortedun sentitu zela» kontatu du,  eta «fisikoki gehien sufritu nuen momentutan ere motibazio edo pribilegio sentsazio horrek erraz gainditu zuen edozein neke edo min». Lasterketako kilometro bakoitza disfrutatzeko  mentalitatearekin aritu zen eta, «denborak ahaztu eta ume ttiki bat bezala irribarre batekin» osatu zuen saioa.

Pentsatu baino «aunitzez hobea» izan da  Zegama-Aizkorri lasterkako esperientzia igantziarrarentzat «hitzez azaltzea kostatzen den sentsazio horietako bat». Gehiago ere bai: «Amets bat betetzea izan da. Hurbilekoen maitasun, laguntza eta animo pila bat jaso dut, eta bizitzan ahaztuko ez dudan egun bat izango denaren dudarik ez dut!

Ane Elzaurdia Mentaberri (Bera)

Ibilbide guztian jendearekin disfrutatzea lortu zuen Elzaurdiak. Argazkia: Julen Axpe.

«Bi helburu bete ditut, maratoi bat egitea eta Zegama Aizkorrin parte hartu eta bukatzea»

Ane Elzaurdia beratarrak ere lehen aldiz osatu du proba, eta dortsala duela «hagitz gutti» lortu zuenez, bazekien lasterketa luzea izanen zela. Hori dena kontuan izanda, «hagitz lasai atera nintzen, disfrutatu eta ahalik eta gorputzaldi onenarekin helmugara ailegatzeko asmoz». Helburua erabat bete du beratarrak, eta ez hori bakarrik, «bi helburu bete ditut, maratoi bat egitea eta Zegama Aizkorrin parte hartu eta bukatzea».

Igandean sentitutako azaltzeko hitzak faltan ditu beratarrak, baina, bereziki nabarmendu du ibilbide guztian jendearekin disfrutatzea lortu zuela. «Lasterketako hainbat puntutan nituen lagun eta familiakoak, batzuk jan eta edanarekin laguntzen eta bertze batzuk, aldiz, bestaz gozatu eta gozarazten. Beraiek gabe hagitz diferentea izanen zen». Une hunkigarriak ere bizi izan zituen Elzaurdiak: «Sancti Spiritun kuadrillakoak ikusi nituenean pankarta handi batekin eta oihuka, negar malkoak atera zitzaizkidan» 

Proba bukatuta, hiru gauza azpimarratu ditu: «jendearen berotasuna, bide guztian zehar eta batez ere helmugara irribarre handi batekin ailegatzea eta ingurukoengandik sentitutako babesa». Mendian korrika ibiltzen diren guztiek «bizitu beharreko zerbait dela uste dut».

Egoitz Zubiri Gaztelumendi (Goizueta)

Dortsala maratoia baino bi aste lehenago lortu zuen Zubirik.

«Lasterketa disfrutatzera atera nintzen»

Egoitz Zubiri goizuetarrak ere lehenengoz lortu du dortsala Zegama-Aizkorri probarako, azken orduan, gainera, duela bi aste egokitu baitzitzaion lagun bati zozketa batean. Lehen Zegama-Aizkorri izateaz gain, lehen aldiz osatu du maratoi distantzia, gainera. Dortsala duela hain denbora gutti egokituta, «entrenatzeko denborarik gabe, disfrutatzera atera nintzen», dio

Bi sentsazio nagusi izan zituen proban: «Alde batetik, lasterketa oso gogorra dela, asko entrenatzekoa, baina, batez ere oso-oso hunkigarria. Ikaragarria!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun