Iker Anzizar, Oihan Braña eta Erik Igoa txapeldun Naiarako pilota txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 27a, 12:30

Iker Anzizar eta Paraguayo VII.a txapeldun izan ziren Naiarako pilota txapelketan, kadete mailan.

Doneztebarrak kadete mailako finala irabazi zuen larunbatean Paraguayo VII.arekin eta iruritarrak eta etxalartarrak infantil mailakoa

Naiarako pilota txapelketako finalak jokatu zituzten maiatzaren 24an. Kadete mailan, Errekako Iker Anzizar doneztebarrak eta Paraguayo VII.ak 22-11 irabazi zieten Azkoitiko Julen Etxanizi eta Lapkeko Xabier Alberdiri. Infantil mailan, berriz, Txarutako Oihan Braña iruritarrak eta Bortziriak taldeko Erik Igoa etxalartarrak 18-11 irabazi zieten Behar Zanako Beñat Eizagirreri eta Aiert Iraolari.

Naiarako lau txapeldunak Benito Tainta txapelketaren finalera

Bitxikeri moduan, biharamunean, Lesakan jokatu zituzten II. Benito Tainta lau eta erdiaren barreneko txapelketako finalerdiak eta Naiaran binaka txapeldun izan ziren lau pilotariek lortu zuten uztailaren 5ean buruz buru lau eta erdiaren barrenean  jokatuko diren finaletarako txartelak. Beraz, kadete mailako finalean Iker Anzizar doneztebarra eta Paraguayo VII.a izanen dira aurrez aurre eta infantil mailakoan, Erik Igoa etxalartarra eta Oihan Braña iruritarra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun