Uterga eta Mitxeo nagusitu dira Udaberriko erremonte txapelketako Iruritako jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2025eko maiatzaren 26a

Otano, Otxandorena, Mitxeo eta Uterga, tartean Josu Prim epailea, larunbatean Iruritan. Markagailua irauli eta gorriek lortu zuten garaipena.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2025eko Microlan Aerospace Sari Nagusiaren zazpigarren jardunaldia jokatu dute larunbat arratsaldean Iruritako Aranabia pilotalekuan. Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrek 35-29 irabazi zieten Eloy Otxandorena doneztebarrari eta Otanori, partida lehiatu baten ondotik.

Hamar tanto gibeletik izan baziren ere, azkenean 35-29 irabazi zieten Otxandorenari eta Otanori

Izan ere, partida hasieran urdinak gehiago izan ziren eta hamar tantoko aldea ere izan zuten (3-13), Otxandorenaren joko bikainari esker. Baina bederatzi tanto gibeletik zirela (11-20) etorri zen gorrien suspertzea eta hogeita binako berdinketaren ondotik, 26-22 aitzinetik ere paratu ziren Uterga eta Mitxeo. Azkenean, sei tantoko aldearekin irabazi zuten eta sailkapen buruan bakarrik gelditu dira, 12 punturekin.
Jaialdia hasteko partidan, lau erremontistak eskualdekoak ziren: Xuban Iturregi iruritarrak eta Markel Leatxe donamariarrak 30-18 irabazi zieten Jon Sagaseta iruritarrari eta Mikel Mikelarena oiztarrari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun