Tontorrean Agurra dantzatu zuten, eta bertsoak ere kantatu zituzten. Berako alkate Aitor Elexpuruk hartu zuen hitza, eta baita Iraitz Lazkano Gure Eskuko kideak ere. Larhungo tontorretik Euskal Herriko zazpi lurraldeak ikusteko aukera dagoela oroitarazi zuen Lazkanok: «Toki aproposa da Euskal Herriari begiratzeko, herri libre bat eraikitzeko konpromisoa berresteko eta euskal herritarrei dei egiteko: aktiba gaitezen denok, herritarron mobilizazioa ezinbestekoa delako nazio honek aurrerapausoak egin ditzan». Ekainaren 7an burujabetzaren alde Bilbon eginen duten ekitaldian parte hartzeko deia luzatu zuen.
Hainbat herritarrek hartu zuten parte ekimenean, tartean izan ziren Berako Aitor Elexpuru, Urruñako Filipe Aramendi eta Ziburuko Eneko Aldana alkateak.
Atzoko ekitaldia urtero berritzeko asmoa du Gure Eskuk, urtero ikurrina berrituz.