Pisu arinenen lehia hasiko da Nafarroako launakako sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 23a, 16:00

Amaiurko laukotea izanen da eskualdeko ordezkari bakarra emakumeen txapelketan, Beti Gaztek ez baitu talderik kantxaratuko.

Larunbat arratsaldean Txantrean eginen dituzte gizonezkoen 300 kiloko, emakumeen 240 kiloko eta kadete mailako lehen tiraldiak.

Pisu astunetako gizon eta emakumeen txapelketak eta txapelketa mistoa erabaki ondotik, Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa pisu arinenen lehian hasiko da asteburu honetan. Maiatzaren 24an, larunbatean 17:00etan hasita, Txantrean jokatuko dute gizonezkoen 300 kiloko lehen jardunaldia eta emakumezkoen 240 kiloko jardunaldi bakarraren lehen zatia. Kadeteak ere jardunaldi bakarreko lehen zatia jokatuko dute. Gizonezkoetan Beti Gazte, emakumezkoetan Amaiur (Beti Gaztek ez du talderik aterako) eta kadetetan Basaburua izanen dira eskualdeko ordezkariak.

Gizonezkoen 300 kiloko txapelketako lehen jardunaldian, Antsoain A, Antsoain B, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Emakumezkoen 240 kiloko jardunaldia ere bi zatitan eginen dute: Amaiur, Antsoain A, Antsoain B, Araxes, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Beti Gaztek ez du, beraz, laukoterik aurkeztuko kategoria hauetan. Helduekin batera, kadete mailakoek ere jardunaldi bakarreko lehen zatia jokatuko dute. Hamar talderen artean, Basaburua izanen da eskualdeko bakarra.

Txapelketa akitzeko, maiatzaren 31n Elizondon jokatuko dute gizonezkoen 300 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 240 kiloko eta kadeteen jardunaldi bakarretako bigarren zatia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun