Udaberriko erremonte txapelketako ligaxkako lehen postua jokoan izanen dute larunbatean Iruritan

Ttipi-Ttapa 2025eko maiatzaren 23a

Xanti Uterga eta Eloy Otxandorena doneztebarren arteko lehia handia espero dute larunbatean Iruritan.

Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2025eko Microlan Aerospace Sari Nagusiaren zazpigarren jardunaldia jokatuko dute maiatzaren 24an, larunbatean 18:00etan hasita IIruritako Aranabia pilotalekuan. Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Otanoren kontra ariko dira.

Bi bikoteek bina partida jokatu dituzte txapelketa honetan eta biak irabazi dituzte. Zortzina punturekin sailkapen buruan daude berdinduta eta, beraz, irabazten duenak lehen postuan bakarrik gelditzeaz gain, ligaxka lehen postuan akitzeko urrats handia emanen du

Jaialdia hasteko partidan, lau erremontistak eskualdekoak izanen dira: Xuban Iturregi iruritarra eta Markel Leatxe donamariarra, Jon Sagaseta iruritarraren eta Mikel Mikelarena oiztarraren kontra ariko dira.

Sarrerako dohaintza 10 eurokoa izanen da, 5 eurokoa 16 eta 22 urte artekoentzat eta doan 16 urtetik behetikoentzat. Bildutako guztia ADANO elkartera bideratuko dute. E•Remonte enpresako erremontisten kamisetak ere zozketatuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun