Ados pilota elkarteak antolatutako Etxeko Memoriala bertso pilota txapelketako jardunaldia jokatu dute igande arratsaldean, Donamariako pilotalekuan, Kukuprakak eta Mitxoletak taldeek. Partida bana irabazi dute, Maialen Akizu eta Julio Soto bertsolarien bertsoek gidatuta.
Alde batetik, Kukuprakak taldea, hau da, Barrokal, Orbegozo eta Aranburu pilotariak eta Maialen Akizu bertsolaria aritu dira. Bertzetik, Mitxoletak taldea, Arrastia, Ruiz de Infante eta Oskoz pilotariak eta Julio Soto bertsolariarekin aritu da.
Buruz buruko lau eta erdiaren barreneko partidan, Kukuprakak taldeko Barrokalek 18 eta 15 irabazi dio Mitxoletak taldeko Oskozi. Binakako partidan, aldiz, Mitxoletak taldeko Ruiz de Infantek eta Arrastiak 22-16 irabazi diete Kukuprakak taldeko Aranbururi eta Orbegozori.
Itziarren ere berdinketa
Berez, Donamariakoa txapelketako bigarren jardunaldia izan da. Ortziralean Itziarren jokatu zen lehenbiziko eta han ere banako berdinketa izan zuten Bitxiloreak eta Eguzkiloreak taldeek. Lau eta erdiaren barreneko partidan, Eguzkiloreak taldeko Ane Mendiburuk 18-17 irabazi zion Bitxiloreak taldeko Naroa Agirreri. Binakako partidan, aldiz, Bitxiloreak taldeko Iturriaga leitzarrak eta Galeanok 22-16 irabazi zieten Eguzkiloreak taldeko Arrietari eta Mujikari.