Zabaleta eta Bertiz ariko dira Emakume Master Cupen San Fermin pilota txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 17a, 13:00

San Fermin torneoan parte hartuko duten pilotarietako batzuk aurkezpenean. Ezkerretik hasita, bigarrena, Nahia Bertiz sunbildarra eta eskuinetik hasita, bigarrena, Goiuri Zabaleta leitzarra.

Nafarroako Irekiaren ondotik, Emakume Master Cup Zirkuituak Nafarroan segituko du hurrengo asteetan, inoiz baino pilotari eta partida kopururik handienarekin datorren San Fermin Torneoarekin. Denera bi multzotan banatutako zortzi bikote arituko dira lehian uztailaren 12an, berriz ere Labriten jokatuko den final handian egoteko asmoarekin. Goiuri Zabaletak Erasun izanen du lagun atzeko koadroetan eta Nahia Bertiz sunbildarrak Arrizabalagaren bizkarra zainduko du.

Txapelketa gaur hasiko da, Mendabian, eta Iruñera heldu aurretik, Nafarroako, baina baita Euskal Herri osoko 14 pilotalekutan egingo du geldialdia.

Lehiaketa sistemari dagokionez, San Fermin torneoan Binakakoan horren arrakastatsua izan zen formula erabiliko dute. Hasteko, zortzi bikoteek, bi taldetan banatuta, ligaxka bat jokatuko dute. A multzoan Aldai-Bergara, Arrizabalaga-Bertiz, Uriarte-Oses eta Zabaleta-Erasun eta B multzoan, berriz, Etxegarai-Gaminde, Salsamendi-Mendizabal, Arraiza-Arrillaga eta Ibarrola-Capellan. Ligaxka hauetako multzo bakoitzeko bi bikoterik onenak Urrezko Ligaxkara sailkatuko dira eta bertan, beste ligaxka baten bidez, finalerdietako kanporaketak erabakiko dira bertan. Finalerdiak ekainaren 27an jokatuko dituzte Soraluzen.

Iaz txapeldun izan ziren Ibarrolak eta Gamindek ez dute txapela elkarrekin defendatzeko modurik izango, beste bikotekide batzuekin arituko direlako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun