Zein ateratzen da garestiagoa, auto elektriko bat edo gasolina edo gasoliozko bat?
Gaur-gaurkoz, salmenta prezioari bakarrik begiratuz gero, elektrikoa garestiagoa da. Halere, prezioa autoen modelo zehatzen araberakoa izaten da. Dena den, antzeko ezaugarriak dituzten autoen artean konparatuz gero, elektriko bat errekuntzako berdintsu bat baino bortz edo hamar mila euro garestiagoa izan daiteke. Hala ere, konparazioa bere osotasunean egiteko bertze faktore batzuk ere kontuan hartu behar dira, hala nola administrazio publikoek elektrikoen merkatua sustatzeko ematen dituzten laguntzak (Moves Plana), zazpi mila eurora irits daitezkeenak, edo argindarraren funtzionamenduak epe luzera ekar dezakeen aurrezpena (zenbait azterlanen arabera, 3.000 eta 10.000 euro artean aurrezten dira hamar urtean, ibilgailuaren erabileraren arabera).
Zenbateko autonomia izanen dut auto elektriko batekin?
Modelo bakoitzak autonomia erreal desberdina du, modelo gehienetan 140 km eta 450 km artean egon ohi dena, nahiz eta gama altuko modelo batzuk 600 km-ko autonomiara hurbiltzen diren. Autonomia funtsezko datua da, eta salmenta informazioan argi eta garbi agertu behar den datuetako bat da. Hortik goiti, kontsumitzaileak baloratu behar du ibilgailuari zer erabilera emanen dion, ez baita berdin nagusiki distantzia laburretan edo herrian edo hirian erabiltzea, edo distantzia handietan mugitzeko erabiltzea. Gainera, auto elektriko baten egiazko autonomia nabarmen aldatzen da hainbat faktoreren arabera: konparazio batera, tenperatura (hotz handia egiten badu, dezente murrizten da), autoaren karga edo gidatzeko modua.
Kargatzeko puntu nahikorik ez dagoela diotenean, badute arrazoirik?
Karga puntuen sarea hazten ari da urtetik urtera. Nafarroan 500 karga puntu publiko daude eta bertze 549 sarbide pribatukoak, Gipuzkoan 492 karga puntu publiko, Araban 418, Bizkaian 808 eta 40.438 Espainian. Gainera, Nafarroan partikularren etxeetan 2.792 sarbide puntu ere badaude instalatuak. Izan ere, auto elektrikoa kargatu dezakegu etxean (kargagailu bat instalatuta), kargatzeko gune publikoetan, merkataritza guneetan, zerbitzuguneetan, bulegoetan edo azpiegitura elektrikoa duten aparkalekuetan. Komeni da etxean kargatzeko sistema motel bat instalatzea, ibilgailua gauez kargatzeko, ahal dela. Instalazio honen kostua 350 euro ingurukoa da entxufe konbentzionala bada, eta 1.000 euro ingurukoa wallbox motako sistema bat baldin bada eta etxeko instalazio elektrikorako babes gehiago baldin baditu. Espainian, gisa honetako instalazio bat egiteagatik kostuaren % 70erainoko laguntzak har daitezke. Ehuneko hori % 80ra igotzen ahal da instalazioa 5.000 biztanletik beherako udalerrietan egiten baldin bada.
Pisu etxe batean bizi baldin banaiz, baimena eskatu behar diet gainerako bizilagunei nire garaje-plazan karga puntu bat jartzeko?
Ez, ez da beharrezkoa gainerako bizilagunei baimena eskatzea, nahikoa da komunitateari jakinaraztearekin. Jakina, nire instalazioa da eta nik ordaindu beharko dut inbertsioa, ez komunitateak.
Egia da autoa gauero kargatzen utzi behar dudala?
Segun, bateria kargatzeko minutu guti batzuk nahikoak dira puntu ultralasterra izanez gero, edo gau osoa beharko da, konparaziora, nire garajean dudan kargatzeko puntua abiadura motelekoa bada. Kargaren iraupena, batez ere, kargagailu motaren eta ibilgailuaren bateriaren edukieraren araberakoa da. Guti gorabehera, erran daiteke karga puntu geldo batek (2-3 kW), 6-12 orduko denbora beharko duela; karga puntu erdiazkar batek (7-22 kW), 1-3 ordukoa; karga puntu azkar batek (50 kW edo gehiagokoa), 30-60 minutukoa; eta karga puntu ultralaster bat (100-350 kW), 10-30 minutukoa. Betiere, bateriak duen kapazitatearen eta karga puntuaren araberakoa izanen da denbora.
Mantentze gastuei begira, auto elektriko baten mantentze kostua garestiagoa da?
Printzipioz ez, propultsio elektrikoaren sistema sinpleagoa delako: bertzeak bertze, ibilgailu elektriko batek ez du buxatu daitekeen elementurik, ez du olio edo gasolina-gasolio iragazkirik, ez du enbragerik edo banaketa uhalik… Ibilgailu elektriko gehienek balaztatze sistema birsortzailea erabiltzen dute eta, hortaz, freno pastillek eta balazta diskoek gutiago sufritzen dute. Generalean, matxura gutiago izaten dituzte. Beraz, egoera onean mantentzeko auto elektrikoetan elementu gutiago egonen lirateke, pneumatikoak izan ezik, horiek higadura handiagoa jasan baitezakete elektrikoek pisu handiagoa dutelako konparazioan. Pentsa daitekeenez, mantentze lanen edo konponketen kostu zehatzak aldatu eginen dira lan hori zeinek egiten duen eta auto modelo zehatzaren arabera. Zenbait ikerketen arabera, alde hori % 20tik % 30era bitartekoa da. Hala ere, Irachek ohartarazi du kontsumitzaileren baten aldetik auto elektrikoen konponketekin arazoren bat iritsi izan zaiela, ordezko piezen kostuagatik edo atzerapenagatik, edo ibilgailuaren softwarea eguneratzeagatik kontsumitzaileak berak eskatu ez zuenean.
Egia da bateria berehala aldatu behar izaten dela eta garesti balio duela?
Zehaztasunez erratea erraza ez bada ere, bateria gehienek 8-10 urte bitartean irauten dute, % 30etik beherako higadurarekin. Izan ere, auto marka gehienek zortzi urteko bermea eskaintzen dute baterietan, edukieraren % 70ean. Puntu hori arras garrantzitsua da erosteko orduan; izan ere, marken arabera dezente aldatzen bada ere, bateria aldaketa batek hamar mila euro inguruko gastua sor dezake gaur egun. Horregatik, komenigarria da berme nahikoa izatea, urte batzuetan konponketa hori ordaindu beharrik ez dugula izanen ziurtatzeko. Bateriaren higadura moteldu edo mantsotzeko praktikak badaude: ez uztea bateria erabat deskargatzen berriz kargatu baino lehen; bateria ez kargatzea toperaino; muturreko tenperaturak daudenean kasu ematea; aktibitaterik gabeko aldi luzeak saihestea edo modu eraginkorrean gidatzea, nahiz eta auto gehienek bateriaren kudeaketa optimizatzeko sistemak dituzten.
Zer da merkeagoa: bateria kargatzea edo gasolina depositua betetzea?
Auto elektriko baten bateria kargatzearen kostua nabarmen aldatzen da bateriaren edukieraren eta tarifa elektrikoaren arabera. Oro har, elektrikoarekin egindako kilometro bakoitzeko kostua gasolina edo gasolio auto baten kostua baino ttikiagoa da. 50 kWh-ko bateria duen auto elektriko bat etxean kargatzen bada 0,15 €/ kWh-ko tarifarekin, karga osoaren kostua 7,50 eurokoa izanen da. Autoa gasolindegi batean kargatzen bada 0,40 €/ kWh prezioan, kostua 20 eurokoa izango da. Gasolinazko auto batek, 300 kilometro egiteko, 32 euro inguru ordaindu beharko lituzke gaur.
Egia da auto elektriko batekin ez dudala eremu urdina ordaindu behar Iruñean aparkatzean?
Bai, egia da Iruñean auto elektrikoek ez dutela ordaindu behar araututako aparkaleku urdinetan edo laranjetan aparkatzeagatik. Gainera, Iruñeko kasuan adibidez, ibilgailu elektriko hutsek % 50eko hobaria dute zirkulazio zergan, eta hibridoek, % 25ekoa.
Auto elektriko batek su hartzeko arrisku handiagoa du?
Ikerketa batzuen arabera, su hartzeko arriskua nabarmen ttikiagoa da auto elektriko batean gasolinaz edo gasolioz funtzionatzen duen auto batean baino. Egia da, ordea, su hartuko balu, denbora gehiago behar duela itzaltzeko, eta litiozko baterien kasuan, itzaltzeko modua desberdina izan behar dela.
Egia da auto elektrikoek ez dutela deus kutsatzen?
Baieztapen hori zehaztu egin beharko litzateke. Egia da auto elektrikoek ez dutela gas kutsatzailerik isurtzen, gainerakoek ez bezala. Hala ere, fabrikazioak ingurumen kostu batzuk ditu, eta funtzionamenduak elektrizitatea ekoiztea eskatzen du, ekoizpen horrek izan dezakeen inpaktuarekin. Bertzalde, sortzen dituen hondakinen afera gelditzen da, batez ere bateriena, nahiz eta lanean ari diren elementuen ehuneko ahalik eta handiena birziklatzeko.
Egia da auto elektrikoek ez dutela zaratarik egiten zirkulatzerakoan?
Ibilgailu elektrikoak gasolinazkoak baino isilagoak dira, ez baitute barne errekuntzako motorrik. Ibilgailu elektrikoek sortzen duten soinu bakarra pneumatikoen eta haizearen erresistentziaren ondorioz sortzen da.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!