Nafarroako Pilota Federazioak, CaixaBanken babesarekin antolatutako Nafarroako herriarteko pilota txapelketaren aurkezpena egin zuten maiatzaren 15ean, ortzegunean, Iruñean. Hamazazpi herrik izanen dute ordezkaritza, 466 pilotarirekin. Maiatzaren 24-25eko asteburuan hasiko dira jokatzen eta finalak uztailaren 5ean eta 13an jokatuko dituzte Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Herriarteko txikia
Herriarteko txikian (benjaminak, alebinak eta infantilak) hamasei herrik hartuko dute parte: Baztan, Bera, Doneztebe, Goizueta, Leitza eta Lesaka izanen dira eskualdeko ordezkariak. Aurkezpena ez ezik, multzoen zozketa ere egin zuten ortzegunean Iruñean. Honela, A multzoan, multzo buru izanen den Baztanekin batera, Irurtzun, Arbizu eta Atarrabia izanen dira; B multzoan, multzo buru izanen den Bera eta Doneztebez gain, Burlata eta Betelu; C multzoan Leitza izanen da buru eta Goizueta, Larraun eta Barañain ariko dira; D multzoan Lizarra izanen da buru eta Lesaka, Agoitz eta Ultzama ariko dira.
Herriarteko handia
Herriarteko handian (kadeteak, jubenilak eta seniorrak), berriz, hamar talde lehiatuko dira, bi multzotan banatuak. A multzoan ez da eskualdeko ordezkaririk izanen: Larraun izanen da buru eta Esteribar, Irurtzun, Lizarra eta Barañain ariko dira. B multzoan, berriz, Doneztebe izanen da buru eta Leitza, Atarrabia, Betelu eta Ultzama ariko dira.