Nafarroako Kirol Jokoetan nesken eskuz binakako pilota txapelketako bigarren faseko finalak jokatu zituzten ortziralean Burlatako Askatasuna pilotalekuan. Finalistetako aunitz eskualdekoak ziren eta batzuk finala irabazita eta bertzeak galduta bueltatu ziren etxera.
Alebin mailako finalean, Ados Pilota elkarteko Nerea Altxu eta Alaitz Aioroa iturendarrek 18-15 irabazi zieten Arkupe elkarteko Maddi Iratzoki eta Ainara Hita igantziarrei.
Infantil mailako finalean, berriz, Arkupe elkarteko Nahia Almandoz eta Joana Iratzoki igantziarrek 18-9 irabazi zieten Ultzamako Alsuari eta Beginori.
Kadete mailan, azkenik, Umore Onako Alize Sagardui goizuetarrak eta Araitz Legarreta aranoarrak 22-4 irabazi zieten Ardoiko Crespori eta Gomezi.
Final nagusiak maiatzaren 17an Labriten
Bi lehenbiziko faseko emaitzak kontuan hartuta, Nafarroako Kirol Jokoen finalak jokatuko dituzte maiatzaren 17an, larunbatean 16:30ean hasita Iruñeko Labrit pilotalekuan.
Alebin mailan, Arkupeko Ainara Hita igantziarra eta Eneritz Muñoa lesakarra, Ados elkarteko Nerea Altxuren eta Alaitz Aioroaren kontra ariko dira.
Alebin mailan, Arkupeko Nahia Almandoz eta Joana Iratzoki, Ados Pilotako Ane Deskarga iturendarraren eta Aiora Baleztena etxarrendarraren kontra.
Kadete mailan, azkenik, Umore Onako Alize Sagardui goizuetarra eta A. Legarreta aranoarra, Oberenako Gomezen eta Cresporen kontra ariko dira.