Nafarroako 4x4 sokatira txapelketako lehen txapela jantzi zuen Beti Gazteko emakumeen taldeak igandean Berriozarren, 255 kiloko kategorian (Beti Gazte B taldea hirugarren izan zen, Berriozar bigarren). Gizonezkoak, berriz, hirugarren izan ziren 320 kilokoan, Berriozarren eta Txantrearen gibeletik.
Beti Gazteko laukote txapeldunean Irantzu Goienetxe, Onintza Zapiain, Maddalen Lopez eta Maria Iantzi aritu ziren tiran, Ander Mitxelena entrenatzaile zutela.
Txapelketa mistoa maiatzaren 17an Antsoainen
Pisu astunenetako txapelak erabaki ondotik, hilaren 17an txapelketa mistoa jokatuko dute Antsoainen, 280 kiloko kategorian. Antsoain, Berriozar A, Berriozar B, Berriozar C, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B lehiatuko dira.
Pisu arinak azkenik
Maiatzaren 24an pisu arinenen lehia hasiko da. Gizonezkoen 300 kiloko txapelketako lehen jardunaldian, Antsoain A, Antsoain B, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Emakumezkoen 240 kiloko jardunaldia ere bi zatitan eginen dute: Amaiur, Antsoain A, Antsoain B, Araxes, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Beti Gaztek ez du, beraz, laukoterik aurkeztuko kategoria hauetan. Helduekin batera, kadete mailakoek ere jardunaldi bakarreko lehen zatia jokatuko dute. Hamar talderen artean, Basaburua izanen da eskualdeko bakarra.
Txapelketa akitzeko, maiatzaren 31n Elizondon jokatuko dute gizonezkoen 300 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 240 kiloko eta kadeteen jardunaldi bakarretako bigarren zatia.