Larunbat goizean aurkeztu zuten Zestoako Udaletxean 2025eko Bertso Pilota Txapelketa, aurten lehen aldiz Etxeko Memoriala izena hartuko duena Naroa Elizalde Etxekolonea Zubietako pilotariaren omenez. Naroa izan zen azken edizioko txapelduna eta proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat. Horregatik, aurten hasita, txapelketak bere izena darama, haren ekarpena eta memoria bizirik mantenduz.
Bertsolaritzaren eta emakumeen pilotaren arteko topagune berezia den lehiaketa martxan da dagoeneko, eta udaberri honetan Euskal Herriko hainbat herritan barrena ibiliko da, pilotari eta bertsolariak protagonista direla. Tartean, eskualdeari dagokionez, maiatzaren 18an Donamarian, maiatzaren 30ean Sunbillan eta ekainaren 1ean Urdazubin. Aitzinetik, maiatzaren 16an abiatuko da txapelketa Itziarren. Maiatzaren 23an Berriozarren eta hilaren 24an Lazkaon ere jokatuko dituzte jardunaldiak eta final handia ekainaren 8an izanen dute Zestoan.
Txapelketaren egitura lau talderen arteko ligan oinarritzen da. Talde bakoitza hiru pilotarik eta bertsolari botilero batek osatzen dute. Norgehiagoka bakoitzean lau eta erdiko eta binakako partida bana jokatzen da, eta bi puntu daude jokoan. Liga amaitzean, puntu gehien dituzten bi taldeek jokatuko dute final handia, ekainaren 8an Zestoan.
Talde parte-hartzaileak:
Mitxoletak
-
- Pilotariak: Arrastia, Infante, Oskoz
- Bertsolaria: Angel Mari Peñagarikano
Kukuprakak
- Pilotariak: Barrokal, Orbegozo, Aranburu
- Bertsolaria: Maialen Akizu
Eguzkiloreak
- Pilotariak: Mendiburu, Mujika, Arrieta
- Bertsolaria: Nerea Elustondo.
Bitxiloreak
- Pilotariak: Agirre, Iturriaga, Galeano
- Bertsolariak: Xebastian Lizaso