Zeliakia

«Zeliako batek urtean bertze pertsona batek baino mila euro gehiago gastatzen ditu janarian»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 10a, 08:30

Mari Jose Mortalena Nafarroako Zeliakoen Elkarteko zuzendaritzan boluntario ari da.

Maiatzaren 16a Zeliakiaren Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Zeliakoen Elkarteko zuzendaritzan boluntario ari den Mari Jose Mortalenarekin mintzatu da TTIPI-TTAPA. Horrez gain, zeliakia diagnostikatua duten eskualdeko hainbat herritarrekin bildu da eta gaur eta bihar argitaratuko ditu haien testigantzak.

Mila aurpegi dituen gaixotasuna. Hala deitzen diote zeliakiari, sintoma aunitz eta klase aunitzetakoak izaten ahal dituelako. «Sintoma batzuk ohikoak dira: beheitiko kronikoa, digestio txarra, tripako mina, pisu galera, nekea... Baina bertze batzuek zeliakiarekin deus ikustekorik ez dutela iduri dute: osteoporosia, antzutasuna, etengabeko abortuak, anemia, dermatitisa... Aunitz gauza daude zeliakiaren gibelean». Elizondoko Mari Jose Mortalena Oteizaren solasak dira. Ezaguna du gaia, 30 bat urte baitaramatza Nafarroako Zeliakoen Elkarteko zuzendaritzan, bere alabari zeliakia diagnostikatu ziotenetik. Urte azkarkiz idazkari teknikari izan da, eta gaur egun, diruzain boluntarioa da.

Zeliakia «edozein adinetako   herritarri» agertzen ahal zaiela kontatu du Mortalenak, eta ez da ez alergia, ez intolerantzia; gaixotasun autoimmune bat da, glutenak eragiten duena. Hertzeari egiten dio kalte: «Zeliakoek glutena jaten badute, pixkanaka hertzeetako ileak desagertzen zaizkie, eta ondorioz, haien gorputzak ez ditu behar dituen nutrienteak xurgatzen. Ondorio larriak sortzen ahal dizkie. Konparazione, zeliako batek anemia baldin badu, burdina duen zerbait janagatik ilerik ez badu, bere gorputzak ez du burdina xurgatuko; edo osteoporosia baldin badu, ez du kaltzioa xurgatuko».

45 bazkide eskualdean

Gaur egun, 720 bat bazkide ditu Nafarroako Zeliakoen Elkarteak eta «% 30ek bi zeliako baino gehiago dituzte familian». Tartean badira eskualdekoak ere, elizondoarrak zehaztu duenez,  «45 bat». Zeliakoen kopurua, ordea, «handiagoa» da: «Pazienteen % 75 diagnostikatu gabeak dira, batez ere helduak. Haurren kasuan, gehienak diagnostikatzen direla erranen nuke». Generoak ere ba omen du zerikusia: «Emakumeei gehiago eragiten die zeliakiak, gizonezko bakoitzeko bi dira emakumezko zeliakoak», erran du Mortalenak. 

 

Elkartean daramatzan urteotan «lan eta lorpen handiak» egin dituztela kontatu du: «Ni elkartean sartu nintzelarik, ez genekien kasik zer jaten ahal zuten zeliakoek, eta gaur egun badugu zerrenda». Hala ere, «erronka aunitz» dituzte esku artean. Horietako bat «dirulaguntzak lortzea» da: «Glutenik gabeko gero eta produktu gehiago daude, baina arras garestiak dira. Zeliako batek urtean bertze pertsona batek baino mila euro gehiago gastatzen ditu janarian. Ez dago medikamenturik zeliakiarendako, medikamentu bakarra jatekoa da».

Duela urte batzuk «zerbait» hartu zutela aipatu du: «2006an 19 euro hartu genituen, bertze batean 150 euro eta azkenekoan 30 euro. Zer da ba hori? Lauzpabortz urtez izan genituen laguntzak, eta geroztik deus ez. Aunitzetan adierazi diegu Nafarroako Parlamentuko alderdi politiko guziei, eta denek beti baietz erraten digute, baina gero ez dute deus egiten. Atera kontuak, Nafarroako Zeliakoen Elkarteak 45 urte baditu dirulaguntzak eskatzen». Dirulaguntzekin batera, «helduendako zeliakian espezializatutako medikua» eskatu du, baita «etxetik kanpo jateko segurtasuna» ere. «Etxetik kanpo ez dago zeliakoendako segurtasunik eta eskaintzarik. Eta kanpoan erraten dudanean, jatetxeez, lantegiez, unibertsitateko jantokiez... ari naiz. Hau ez da kapritxo bat».

«Emakumeei gehiago eragiten die zeliakiak, gizonezko bakoitzeko bi dira emakumezko zeliakoak»

Mari Jose MORTALENA

Bide horretan, «kontzientzia gehiago» eskatu du: «Jendeak  ez daki egiatan zer pasatzen zaien zeliakoei». Eta gisa berean, «glutenik gabeko produktuak jateko moda» mahai gainean paratu du: «Zergatik kendu behar dituzu zereal horiek ez badizute kalterik egiten? Moda horrek egiatan zeliakoak direnei ez die mesederik egiten. Zeliakoa ez den bat jatetxe batera joaten bada eta glutenik gabeko deus ez badute, berdin-berdin janen du. Zeliako batekin, ordea, sukaldea gelditzen da. Serio hartu beharreko kontua da».

Bertzalde, maiatzaren 16an, Nafarroako hainbat udalek zeliakoen elkartearen ekimenarekin bat egin dutela oroitarazi du Mortalenak, eta hala, «udaletxeak kolore urdinarekin argiztatuko dituzte, tartean, Baztango Udalak». Horri lotuta, «plazara joan, argazkiak atera eta Nafarroako Zeliakoen Elkartera bidaltzeko» deia egin die herritarrei. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun