TTIPI-TTAPAren Hego Euskal Herriko eremuan 196 familia unitatek hartu dute Errenta Bermatua

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 11a, 09:00

Nafarroako Gobernuak aste honetan argitaratu du Errenta Bermatua hartzen dutenen inguruko balantzea. Horren arabera, Nafarroan, joan den urtean, denera 16.758 familia unitatek hartu zuten Errenta Bermatua, eta tartean eskualdeko 196 unitate hartzailek.

Eskualdeko datuek urtez urte izan izan duten bilakaerari erreparatuta, 2009tik aitzinera, Errenta Bermatua hartutako familia unitate kopurua igoz joan zen. 2021ean jo zuen goia, kopurua 248 hartzailetara ailegatu zenean. Geroztik, ordea, beherako joera hartua du. Eremuka, berriz, Elizondokoa da Errenta Bermatua hartu duten unitate hartzaileen gehiengoa (88 familia unitate); gibeletik du Doneztebeko eremua (53 familia unitate) eta ondotik Leitzako (35) eta Lesakako eremuak (20).

​​​​​​​Nafarroako datu batzuk

Eskualdekako datu zehatzago gehiagorik ez du eman Nafarroako Gobernuak. Baina Nafarroako datuei dagokienez, 16.758 familia unitateen bidez, hilabeteko banaz bertzekoa 12.868koa izan zen eta prestazioak 36.249 pertsonengana (Nafarroako biztanleriaren % 5,34) ailegatu ziren. Onuradunen % 53,76 emakumeak izan ziren eta % 46,24 gizonak, eta gobernuaren arabera, «ehuneko hori ia ez da aldatu azken bortz urteetan». Joera iduritsua da adinari dagokionez ere: «artatutako pertsonen % 38,28 adingabeak izan ziren (hau da, 13.964 adingabe), eta balio absolutuak 2019koen antzekoak izan ziren».

Gainerakoan, familia unitatearen izenean prestazioa eskatzen zuten gehienak emakumezkoak izan ziren (% 58) eta familia unitateen % 79,37k bat-hiru kidekoak ziren. Horrekin batera, gobernuak zehaztu du «laguntza emateko orduan, familia unitate bakoitzeko, hilabeteko banaz bertzekoa 661,81 eurokoa» izan zela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun