Gizonezkoen pisu astunenean Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea bakarrik lehiatu zien eta lesakarrak, talde gazte eta berriarekin, hirugarren izan ziren, Berriozarren eta Txantrearen gibeletik.
Emakumeen pisu astunenean, berriz, hamar talde ari dira: Amaiur, Antsoain, Araxes A, Araxes B, Berriozar A, Berriozar B, Beti Gazte A, Beti Gazte B, Txantrea A eta Txantrea B. Tiraldien erdiak bakarrik egin zituzten Donezteben eta jardunaldi bakarra osatu beharko dute igandean Berriozarren. Halere, Beti Gazte A taldeak Donezteben egin zituen hamar tiraldiak irabazi zituen; Txantrea B-k zortzi irabazi eta bi galdu zituen eta hirugarren posturako lehian, seina tiraldi irabazi zituzten Beti Gazte B, Berriozar A eta Txantrea A taldeek. Amaiurrek, berriz, bortz tiraldi irabazi zituen. Pisu honetan ere igandean erabakiko da txapela.
Bertze kategoriak
Lehen txapelak Berriozarren banatu ondotik, Nafarroako 4x4 sokatira txapelketak segida izanen du datozen asteetan.
Maiatzaren 17an, Antsoainen, txapelketa mistoa jokatuko dute, 280 kiloko kategorian. Antsoain, Berriozar A, Berriozar B, Berriozar C, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B lehiatuko dira.
Maiatzaren 24an pisu arinenen lehia hasiko da. Gizonezkoen 300 kiloko txapelketako lehen jardunaldian, Antsoain A, Antsoain B, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Emakumezkoen 240 kiloko jardunaldia ere bi zatitan eginen dute: Amaiur, Antsoain A, Antsoain B, Araxes, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Beti Gaztek ez du, beraz, laukoterik aurkeztuko kategoria hauetan. Helduekin batera, kadete mailakoek ere jardunaldi bakarreko lehen zatia jokatuko dute. Hamar talderen artean, Basaburua izanen da eskualdeko bakarra.
Txapelketa akitzeko, maiatzaren 31n Elizondon jokatuko dute gizonezkoen 300 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 240 kiloko eta kadeteen jardunaldi bakarretako bigarren zatia.