Aldabek eta Barrenetxea IV.ak eta Ansak eta Zubirik irabazi dute "Erremontari" saioko bigarren jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 6a, 19:00

Ansa II.a, Zubiri, Juanenea eta Ezkurra II.a Sagardoaren txapelketaren aurkezpenean. Astelehenean jokatutako jardunaldian Aburuzako bikotea gailendu zitzaion Bereziartua sagardotegiarenari.

Imanol Ansa eta Aritz Zubiri Josetxo Ezkurrari eta Aritz Juaneneari gailendu zaizkie (10-15, 15-13 eta 8-3).

Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Javi Urriza eta Iban Larrañaga menderatu zituzten, bi jokotan, 6-15 eta 12-15, eta Imanol Ansak eta Aritz Zubirik Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea mendean hartu zituzten, hiru jokotan, 10-15, 15-13 eta 8-3, 2025eko Erremontari saioko bigarren jardunaldian, astelehenean Galarretan. 

Hala, Sagardoaren Txapelketako sailkapenerako, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak lau puntu eskuratu zituzten, eta, zazpi punturekin, lehengo postuan daude sailkapenean; Ansa II.ak eta Zubirik, aldiz, hiru puntu erdietsi zituzten, eta lau dituzte sailkapenean. Urrizak eta Larrañagak ez dute, oraingoz, punturik, eta Ezkurra II.ak eta Juaneneak, bat batuta, lau dituzte.

Hala, bigarren jardunaldiko lehenengo partidan, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak (Oialume) nagusitasunez gainditu zituzten Petritegiko Urriza eta Larrañaga.

Galarretan jokatu zuten bigarren norgehiagokan, Aburuzako Ansa II.a eta Aritz Zubiri goizuetarra ez ziren ongi hasi, baina suspertu ondotik, balio handiko garaipena erdietsi zuten; izan ere, lortutako hiru puntuak zenbatuta, Bereziartuako Ezkurra II.ak eta Juaneneak adina dituzte, launa bi bikoteek. Patri Espinar kapitain, Doneztebeko aurrelaria eta Saldiaseko atzelaria nagusi izan ziren lehen jokoan, 10-15, eta indartsu ekin zioten bigarrenari; Ansa II.ak eta Zubirik, Gorka Izagirre kapitain zutela, erantzun ona izan zuten gerora. Hirugarren jokoan, Urnietako aurrelariak eta Goizuetako atzelariak aurkariek baino sendotasun handiagoa izan zuten, eta garaipenak ez zien ihes egin..


Sailkapena

1. Aldabe-Barrenetxea IV (Oialume Zar) 7 puntu 2 partidu
4. Ansa II-Zubiri (Aburuza) 4 puntu bi partidu
2. Ezkurra II-Juanenea (Bereziartua) 4 puntu bi partidu
3. Segurola-Azpiroz (Alorrenea) puntu bat partidu bat
5. Urriza-Larrañaga (Petritegi) 0 puntu partidu bat

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun