[GUTUNA]: Maiatzak 1: folklorea eta fartsa

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 6a, 11:00

Maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna, pasatu berria den honetan, hausnarketa hau egin du Aritz Arrietak. Langile mugimenduaren egoeraz aritu da, eta sindikatuekin kritiko mintzatu da. Horrez gain, «Europako oligarkiaren oldarraldiaren kontra klase batasunez erantzuteko beharra» aipatu du.

Bertze behin izan da maiatzaren lehena. Bertze behin mundu mailako milaka langilek kaleak aldarrikapenez bete dituzte, baita errepresioa jasan ere. Lehen kolpean edonork antzeman dezake langile mugimenduaren egoera zein den: erabateko sakabanaketa politikoa. Sakabanaketa hori XX. mendean langile mugimenduak jasan zuen porrot politikoaren ondorio da. Sindikatuak Estatuan integratu eta burokratizatu egin dira aspaldi, langileriaren ezkerreko alderdi politikoen gisan. Ez dituzte langileriaren interesak defendatzen eta ez dute langileria osoa, bere aniztasun eta konplexutasunean ordezkatzen. Haien interes korporatibo propioak defendatzen eta sektore zehatzak ordezkatzen dituzte.

Sindikatu handiek patronalari etxeko giltzak aspaldi eman zizkioten. Aspaldi utzi zioten patronalaren irabazien arrisku erreala izateari. Orain, langileriaren grebak blokeatu edo kondenatzeko funtzioa betetzen dute. UGT eta CCOO dira horien adibide garbienak: patronalaren sindikatuak dira, ez langileriarenak. Baina joera orokorraren isla garbiena dira. Hain zuzen, Estatuak subentzionatutako sindikatu ofizial guztiak bide beretik doaz, bereziki ezkerreko alderdi instituzionalei lotuta daudenak. Langileriaren antolakuntza eta borrokarako grina izoztuta daukate erabat, hilda.

Krisi historikoa bizi dugu. Bizitzea gero eta garestiagoa da. Estatuak armetan eta kontrol mekanismoetan inbertitzen du hezkuntzan eta osasungintzan beharrean. Denok dakigu urtetik urtera egoera okerrerantz ari dela egiten. Zertan ari dira euren burua langileon ordezkaritzat daukatenak? Batzuk oraindik urtean behin itxura erradikalez agertzen zaizkigu sozialismoa helburu gisa aldarrikatuz, baina eguneroko jarduera politikoan jarrera kontziliatzailea dute: kapitalisten mesedetan aliantzak zein paktuak sinatzen dituzte. Gainera, ez dut uste kapitalistek beren posizio sozial pribilegiatua altruismoz utziko dutenik. Bere klaseko bertzeen kontra gerrak pizten badituzte hegemonia bermatzeko, zer egin klase-etsaiaren aurka, alegia, langileriaren aurka? Mota horretako paktuek desmobilizaziora garamatzate.

Ortzegunean, maiatzaren 1ean, EHKSk garbi adierazi zuen: beharrezkoa da Europako oligarkiaren oldarraldiaren aurka klase batasunez erantzutea, klase gisa erantzutea. Batasuna eta aliantzak, noski, baina langile klasearen eta bere antolakundeekin. Ez gerrak finantzatzen eta genozidioak zuritzen dituzten alderdiekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun