Altsasu eta Lekunberrin jokatutako jardunaldi bikoitz ederraren ondotik, binakako emakumeen Nafarroako Irekiak ezagutzen ditu dagoeneko datorren igande eguerdian Labriten jokatuko den finalean arituko diren pilotarien izenak. Salsamendik eta Mendiburuk 22-15 irabazi zieten larunbatean Altsasun Goiuri Zabaleta leitzarrari eta Capellani. Honela, Salsamendik eta Mendiburuk bikote sendoa izanen dute parean finalean, Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak osatutakoa. Hauek igandean Lekunberrin jokatutako partidan 22-17 irabazi zieten Ibarrolari eta eskuko minaren erruz jokatzeari uko egin behar izan duen Gaminderen ordez aritu zen Nahia Bertiz sunbildarri.
Promesa mailan ere partidak jokatu dituzte, bai Altsasun baita Lekunberrin ere. Altsasun, Olatz Insaustik eta Irati Betegik 18-9 irabazi zieten Uxue Lopez de Okarizi eta Udane Ozaetari. Lekunberriz, berriz, Sotilek eta Gomezek 18-15 irabazi zieten Alize Sagardui goizuetarrari eta Crespori.
Finala igande eguerdian Labriten
Gauzak horrela, belaunaldi arteko talka ezin interesgarriago bat izanen dugu datorren igande eguerdian Nafarroako Labrit pilotalekuan. ETBk zuzenean emanen duen finalean, Salsamendi eta Mendiburu, Aldairen eta Arrillagaren kontra ariko dira. Aitzinetik, binakako partida jokatuko dute Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Bergarak, Ibarrolaren eta Nahia Bertiz sunbildarraren kontra.