Deshumanizazioa barru-barruraino sartu da Mendebaldeko botereetan, eta axolagabekeriaz begiratzen diote Gaza pairatzen ari den holokaustoari; Gazan, bonbek hiltzen ez bazaituzte, goseak hilko zaitu.
Gure itsasontzia bonbardatu duten honetan inpotentzia erabatekoa da, gu ondo gaude eta beharrezkoa ikusten dugu gu fokutik ateratzea Palestinak pairatzen duen genozidioari protagonismoa emateko.
Zer egingo genuke, umeak barruan direla, eskola bonbardatuko baligute? Eta handik gutxira alboko eskola bonbardatuko balute, eta gero beste bat, eta beste bat… Eta denda, eta ospitalea, eta etxea. Eta, aldi berean, jatekoa kentzen badizute? Eta argindarra? Eta ura?
Mundu guztiak badaki, eta beste alde baterantz begiratzen dutenek ere, Palestinan sarraski izugarria egiten ari direla, gizateriaren historiako pasarte ilunenekin parekatu daitekeena. Eta Europako botereek ez badiote hilkintza honi irmo erantzuten, herritarrok egin beharko dugu; bestela, sarraskiaren konplizeak izango gara, Alemania nazian errausketa-labeak ukatzen zituztenak bezala.
Noraino iritsi behar du gizakiaren endekapenak Europak genozidioaren aurka esku har dezan? Zenbat haur anputatu behar dira ‘nahikoa da!’, ‘aski da!’, esateko?
Sarritan, hain da ikaragarria krudelkeria, non ezereztu egiten baikaitu: erabat ezdeusak sentitzen gara. Ez badiote kasurik egiten ezta NBEri ere, nola egingo digute guri?
Baina zerbait egin beharra daukagu, bakoitzak aukeratzen duen ontzitik: edo Israeleko produktuei boikot eginez, edo balkoietan Palestinako banderak jarriz, edo plazetan pankartak ipiniz, botere hurbilenekoetan genozidio-salaketak eginez, Palestinan giza ezkutu gisa jardunez… Mobilizatu eta antolatu.
Agerian jarri behar dugu herri ekintzak daukan boterea. Batu egin behar gara erantzuna emateko.
Guk, gaur, erabaki dugu gure ontzia Conscience (kontzientzia) itsasontzia dela. Kontzeptu ederra da kontzientzia: zure ustez behar duzun bezala jokatzeko lasaitasuna ematen dizun ezagutza.
Astindu ditzagun kontzientziak.
Gazarantz nabigatzen dugu, Israelek itsasoz jarritako blokeoa hausteko. Baina neure buruari galdetzen diot: Israelena al da Palestinako itsasertza inguratzen duen itsasoa ere? Dena al da Israel? Dena? Ez da Palestina existitzen? Ez da inoiz existitu? Norbaitek sinesten al du hori? Edo herri oso bat sarraskitzeko, bertako herritarrei lurrak kentzeko eta ingurua kolonizatzeko estrategia bat al da?
Elkarrizketa labur honi amaiera emateko, M. Darwich poeta palestinarraren esaldi eder bat ekarri nahi dut, esandako guztia askoz laburrago eta askoz hobeto definitzen duena: “Palestina zen, Palestina da”.