Euskaldun kopuruak beheiti egin du eskualdean. Hala diote datuek. Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak, euskararen ezagutzari buruz, joan den urtean argitaratu zituen ikerketaren emaitzetan ageri da. Zehazki, eskualdeko herritarren% 82,3 euskaldunak dira, euskara entenditzeko eta solas egiteko gai direnak; eta % 7,5 euskaldun hartzaileak, euskara entenditu bai, baina solas egiteko zailtasunak dituztenak. 1986an, ordea, % 88,7 ziren euskaldunak eta % 3,7 euskaldun hartzaileak. Alegia, 1986an baino % 6,4 euskaldun guttiago dira azken datuetan.
Aldea oraindik nabarmenagoa da mende hasierako datuekin konparatuz gero: 2001etik 2022ra % 8,6 jautsi da euskaldun kopurua. Urte hartan % 90,8koa zen euskaldunen zenbatekoa eta % 4,6koa hartzaileena. Datuak Ttipi-Ttaparen Hego Euskal Herriko eremukoak dira.
Udalerriz udalerri
Udalerriz udalerriko datuei erreparatuz, gehienetan egoera iduritsua da; moteltzeko joera. Bereziki, Zugarramurdik, Sunbillak, Oizek, Beintza-Labaienek eta Etxalarrek galdu dituzte euskaldunak. Kontrara, 1986an erdaldun gehiago zituzten udalerrietan, euskaldun gehiago dira orain. Konparazio batera, Beran, Bertizaranan, Donezteben, Lesakan eta Urdazubin.
Azken datuei begira, gaur egun euskal hiztun gehien dituzten udalerriak Urroz, Arantza, Zubieta, Arano, Ezkurra, Saldias, Areso, Goizueta, Ituren eta Eratsun dira, hurrenkera horretan. Erdaldun gehien dituztenak, berriz, Doneztebe, Bera, Urdazubi, Baztan, Etxalar, Bertizarana, Leitza, Oiz, Sunbilla eta Lesaka, ordena horretan.
Euskara gaztetzen
Zenbat eta gazteagoak izan, orduan eta euskaldun gehiago. Halaxe ikus daiteke Nastaten azken datuetan. 1986an 55 urtetik goitikoena zen euskaldun gehien biltzen zituen adin tartea (% 93,3 euskaldunak) eta 30 urtez azpikoena euskaldunen portzentaje apalena zuena (%85,4). Bada azken datuetan joera irauli dela ageri da: Gaur egun, 30 urtez azpikoena da euskaldun gehien biltzen dituen adin multzoa (%92,4) eta 30 eta 54 urtekoena baxuena (% 74,1).
Adinaren arabera
30 urtez azpikoetan 1986az geroztik % 6,9 hazi da euskaldunen kopurua eskualdean. Baina udalerriz udalerriko datuei erreparatuta, Aranon, Areson, Beintza-Labaienen, Goizuetan, Oizen, Saldiasen, Sunbillan, Zubietan eta Zugarramurdin beheiti egin du. Eta horien artean Zugarramurdin (%13,6 guttiago) eta Saldiasen (%12,2 guttiago) sumatu da batez ere beheitiko joera. Kontrara, gainerakoetan goiti egin du, eta batez ere Bertizaranan (% 33,7), Beran (% 26,8), Urdazubin (%25,2) eta Lesakan (% 22,5).
Helduetan, ordea, hagitz agerikoa da beheranzko joera. Herri guzietan beheiti egin du euskaldunen kopuruak. Eskualdean, 30 eta 54 urte bitartekoen kasuan, 15,1 puntu egin du beheiti euskaldun kopuruak. Hala ere, batzuetan bertzeetan baino gehiago jautsi da. Adibidez, Zugarramurdin (% 29,9), Sunbillan (% 28,5), Elgorriagan (% 22,3), Etxalarren (%21,8), Igantzin (% 21,4), Urdazubin (% 21,1), Eratsunen (%20,2) edo Goizuetan (% 20). Adin horietan beherakada ttikiena izan duteak Lesaka (% 0,9 guttiago), Urroz (% 2,7), Arano (% 3,6) eta Bera (% 4,2) dira.
55 urtetik goitikoetan, 1986ko datuekin konparatuz, % 10,5 murriztu da euskaldunen zenbatekoa. 25 udalerrietan jautsi da, eta batez ere Beintza-Labaienen (% 18,1), Etxalarren (%17,8), Bertizaranan (%16), Elgorriagan (% 14,7) eta Iturenen (% 14,4). Beheiti egin badute ere, euskaldun kopuruan beherakada ttikiena sumatu dutenak Ezkurra (% 3,7), Arantza (%4), Leitza (% 5,2) eta Urroz (% 5,9) dira.
Ezagutza baino gehiago
Aipatutako datuak ezagutzari buruzkoak dira, baina ez da hori euskarak duen erronka bakarra. Gauza bat baita euskaraz jakitea, eta bertzea erabiltzea. Erabilera eta kalitatea ere badira kezkarako iturri, gibelka baitoaz.
Bertze aldetik, Xabier Erize soziolinguistak eta Carlos Vilches soziologoak Eusko Ikaskuntzarentzat ikerketa zientifiko bat argitaratu dute berriki Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Euskararen inguruko jarrerak aztertu dituzte eta horren arabera, aunitzetan kontrakoa erran izan bada ere, euskarak onespen sozial handia du Nafarroan, herritarren % 63 euskara sustatzearen alde daude. Baina ez dira denak aldeko jarrerak: euskararen eta euskaldunen kontrako neurriak nonahitik ailegatzen ari dira.
Lekukotasunak
Gaia esku artean hartuta, euskararen bueltan ari diren hamar herritarrengana jo du TTIPI-TTAPAk: Nerea Bazterrika Loiarte (Zubieta) euskara irakaslea, Estebe Apezetxe Murua (Erratzu) AEKko irakaslea, Maite Lakar Iraizoz (Legasa) euskara irakaslea, Fernando Oiartzun Sagastibeltza (Leitza) euskara irakaslea eta euskara teknikaria, Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur) euskaltzain osoa, Amaia Telletxea Larretxea (Arantza) euskal filologoa eta irakaslea, Beñardo Goietxe Laurnagarai (Zugarramurdi) IKAko irakaslea, Oihana Lujanbio Begiristain (Goizueta) euskarari buruzko ikerlaria eta irakaslea, Maitane Maritorena Azkarate (Aniz) euskara irakaslea eta Markel Lizasoain Baleztena (Saldias) itzultzaile- zuzentzailea. Bertze hamasei herritarren iritziak ere bildu ditu TTIPI-TTAPAk. Ondoko orduetan eta egunetan izanen dituzue irakurgai. Denengan agerikoa da euskararen egoerak kezka sortzen duela.