Nafarroako launakako sokatira txapelketa indartsu hasi dute Beti Gazteko emakumeek

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 29a, 20:00

Beti Gazte A taldeak Donezteben larunbatean egin zituen hamar tiraldiak irabazi zituen.
  • Gizonezkoak, aldiz, hirugarren izan ziren Doneztebeko lehen jardunaldian
  • Apirilaren 26an abiatu da Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa. Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan jokatu zuten larunbat arratsaldean gizonezkoen 320 kiloko lehen jardunaldia eta emakumezkoen 255 kiloko jardunaldi bakarraren lehen zatia.

Gizonezkoen pisu astunenean Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea bakarrik lehiatu zien eta lesakarrak, talde gazte eta berriarekin, hirugarren izan ziren, Berriozarren eta Txantrearen gibeletik.

Emakumeen pisu astunenean, berriz, hamar talde ari dira: Amaiur, Antsoain, Araxes A, Araxes B, Berriozar A, Berriozar B, Beti Gazte A, Beti Gazte B, Txantrea A eta Txantrea B. Tiraldien erdiak bakarrik egin zituzten Donezteben eta jardunaldi bakarra osatu beharko dute maiatzaren 11n Berriozarren. Halere, Beti Gazte A taldeak Donezteben egin zituen hamar tiraldiak irabazi zituen; Txantrea B-k zortzi irabazi eta bi galdu zituen eta hirugarren posturako lehian, seina tiraldi irabazi zituzten Beti Gazte B, Berriozar A eta Txantrea A taldeek. Amaiurrek, berriz, bortz tiraldi irabazi zituen.

Hauekin batera, 20 urtez azpikoek ere lehen jardunaldia izan zuten, eskualdeko ordezkaritzarik gabe.

 

Bertze tiraldiak maiatzean

Larunbateko Doneztebeko saioaren ondotik, kategoria hauetako bigarren jardunaldia maiatzaren 11n jokatuko dute Berriozarren.

Maiatzaren 17an, Antsoainen, txapelketa mistoa jokatuko dute, 280 kiloko kategorian. Antsoain, Berriozar A, Berriozar B, Berriozar C, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B lehiatuko dira.

Maiatzaren 24an pisu arinenen lehia hasiko da. Gizonezkoen 300 kiloko txapelketako lehen jardunaldian, Antsoain A, Antsoain B, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Emakumezkoen 240 kiloko jardunaldia ere bi zatitan eginen dute: Amaiur, Antsoain A, Antsoain B, Araxes, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Beti Gaztek ez du, beraz, laukoterik aurkeztuko kategoria hauetan. Helduekin batera, kadete mailakoek ere jardunaldi bakarreko lehen zatia jokatuko dute. Hamar talderen artean, Basaburua izanen da eskualdeko bakarra.

Txapelketa akitzeko, maiatzaren 31n Elizondon jokatuko dute gizonezkoen 300 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 240 kiloko eta kadeteen jardunaldi bakarretako bigarren zatia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun