Oriamendik eta EITBk Erremontari saioa aurkeztu zuten ortzegun arratsaldean Orona Fundazioaren areto nagusian. Saioaren barrenean Sagardoaren Erremonte Txapelketa jokatuko da eta edizio berri honetan parte hartuko duten bikoteak, sagardotegiak eta kapitain berriak ere aurkeztu zituzten. Horrez gain, Erremontari Herriz Herri izeneko herri ekimena ere aurkeztu da, herritarrei erremontea hurbilarazteko helburuarekin.
Bost bikote indartsu
Ondorengo erremontariek, kapitainek eta sagardotegiek osatzen dituzte taldeak:
Oialume Zar sagardotegia ordezkatuko dute Aldabe eta Barrenetxea IV.a bikoteak, eta Iñaki Lekuona izanen da kapitaina. Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Aritz Juanenea saldiastarrak Bereziartua ordezkatuko dute eta Patri Espinar izanen dute kapitain.
Ansa II.ak eta Aritz Zubiri goizuetarrak Aburuza sagardotegia ordezkatuko dute, Gorka Izagirre txirrindulari ohiarekin kapitain lanetan. Hau izan da iragarri den berrikuntza nagusienetakoa.
Segurolak eta Azpirozek Alorrenearen izena eramanen dute soinean Igor Arrutik gidatuta kapitain lanetan. Eta azkenik, Urrizak eta Larrañagak Petritegiren izenean jokatuko dute Aritz Altadill kapitainarekin. Hain zuzen, Javier Urrizarentzat bere azken txapelketa izanen da.
Astelehenean hasiko da txapelketa eta ekainaren 16an jokatuko da finala
Bost bikotez osaturiko txapelketaren lehen fase honetan, denek denen aurka jokatu beharko dute. Bost jardunaldi izango dituzten horretarako: Apirilaren 28an eta maiatzaren 5, 12, 19, eta 26an jokatuko dira eta jaialdi guztiak 18:00etatik aitzinera jokatuko dira.
Ligaxka amaitzerakoan, hirugarren eta laugarren postuetan geratzen diren bikoteek jokatuko dute playoff-a. Playoff-a ekainaren 3an asteartean jokatuko da, 18:00etatik aurrera.
Ligaxkan bigarren postuan geratzen den bikoteak eta playoff-a irabazi duen bikoteak jokatuko dute final aurrea, ekainaren 9an, 18:00etatik aurrera.
Ligaxkan lehen postuan geratzen den bikoteak eta final aurrea irabazi duen bikoteak jokatuko dute finala, ekainaren 16an, 18:00etan hasita.
Partida guztiak astelehenetan 18:00etan Galarretan jokatuko dira (salbuespen bakarra playoff-a) eta ETB1en 22:30ean emitituko dira.
'Erremontari Herriz Herri' proiektua ere aurkeztu da
Aurkezpenean Erremontari Herriz Herri proiektua ere aurkeztu zen. Erremontari Herriz Herri ekimen berriak Euskal Herriko 8 herritan izango du presentzia. Bertan, txapelketako parte-hartzaileek eta Oriamendiren gainerako profesionalek partidak jokatuko dituzte herrietako pilotalekuetan.
Data eta herriak (oraingoz baieztatuak) dira: Idiazabal (maiatzak 2); Zestoa (maiatzak 3); Derio (maiatzak 18); Bergara (maiatzak 24); Urnieta (ekainak 1); Lasarte (ekainak 13); Lekunberri (ekainak 20); Errenteria (ekainak 21); Hernani (irailak 19); Altsasu (urriak 17); Arrigorriaga (urriak 19), eta Zumarraga (abenduak 14).