Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa Donezteben hasiko da larunbatean eta Elizondon akituko da maiatzaren 31n

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 24a, 20:00

Beti Gazteko eta Amaiurko emakumeen laukoteak tiran Lesakan, joan den urteko txapelketan. Argazkia: Pako Santxez

Eskualdeari dagokionez, Beti Gazteko gizon eta emakumeak, Amaiurko emakumeak eta Basaburuko neska-mutil kadeteak lehiatuko dira

Apirilaren 26an abiatuko da Nafarroako 4x4 sokatira txapelketa. Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, larunbatean 17:00etan hasita jokatuko dute gizonezkoen 320 kiloko lehen jardunaldia eta emakumezkoen 255 kiloko jardunaldi bakarraren lehen zatia.

Gizonezkoen pisu astunenean Beti Gazte, Berriozar eta Txantrea bakarrik lehiatuko dira. Emakumeen pisu astunenean, aldiz, hamar talde ariko dira: Amaiur, Antsoain, Araxes A, Araxes B, Berriozar A, Berriozar B, Beti Gazte A, Beti Gazte B, Txantrea A eta Txantrea B. Hauekin batera, 20 urtez azpikoek ere lehen jardunaldia izanen dute, eskualdeko ordezkaritzarik gabe.

Larunbateko Doneztebeko saioaren ondotik, kategoria hauetako bigarren jardunaldia maiatzaren 11n jokatuko dute Berriozarren. Maiatzaren 17an, Antsoainen, txapelketa mistoa jokatuko dute, 280 kiloko kategorian. Antsoain, Berriozar A, Berriozar B, Berriozar C, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B lehiatuko dira.

Maiatzaren 24an pisu arinenen lehia hasiko da. Gizonezkoen 300 kiloko txapelketako lehen jardunaldian, Antsoain A, Antsoain B, Berriozar, Beti Gazte, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Emakumezkoen 240 kiloko jardunaldia ere bi zatitan eginen dute: Amaiur, Antsoain A, Antsoain B, Araxes, Berriozar A, Berriozar B, Txantrea A eta Txantrea B ariko dira. Beti Gaztek ez du, beraz, laukoterik aurkeztuko kategoria hauetan. Helduekin batera, kadete mailakoek ere jardunaldi bakarreko lehen zatia jokatuko dute. Hamar talderen artean, Basaburua izanen da eskualdeko bakarra.

Txapelketa akitzeko, maiatzaren 31n Elizondon jokatuko dute gizonezkoen 300 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 240 kiloko eta kadeteen jardunaldi bakarretako bigarren zatia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun