Zazpi talde lehiatuko dira berrikuntzekin datorren Baztan-Errekako 45. Laxoa Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 23a, 19:00

Azken hiru txapelketak irabazi dituen Doneztebe The Moment taldeko Julen San Miguel sakea egiten iazko final handian, Arraiozen. Argazkia: Ondikol

Asteburu honetan abiatuko da Laxoa Elkarteak berrogeita bosgarren aldiz antolatutako Baztan-Errekako Laxoa txapelketa. Zazpi talde ariko dira lehian, Doneztebeko hiru, Oizko bi eta Arraiozko eta Iruritako bana eta berrikuntzak izanen dira jokatzeko sisteman. Final bakarra izanen da aurten, abuztuaren 2an Doneztebeko Bear Zanan.

Konpetitzeko sistemari dagokionez, denek denen aurka jokatuko dute, Round-Robin formatuan eta final bakarra izanen da aurtengoan (eta, beraz, txapeldun bakarra). Ligaxkako bi lehenbizikoak zuzenean sailkatuko dira finalerdiak jokatzeko, hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatzen direnak final laurdenak jokatuko dituzte partida bakarrera (hirugarrena seigarrenaren kontra eta laugarrena borzgarrenaren kontra, ekainaren 28-29 eta uztailaren 5-6ko asteburuetan)) eta zazpigarren sailkatua txapelketatik kanpo geldituko da.

Finalerdiak uztailaren 12-13, 19-20 eta 26-27ko asteburuetan jokatuko dituzte eta finala, bakarra aurten, abuztuaren 2an Doneztebeko Bear Zanan. Finala arratsaldez jokatuko dute eta hirugarren posturako lehia goizean

 

Taldeak

  • Arraioz Sagardia: Mikel Mindegia, Josu Etxandi, Urki Etxandi eta Aritz Alunda
  • Doneztebe Menditxuri: Goio Mindegia, Eneko Maylin, Asier Arozena eta Jokin Arozena
  • Doneztebe The Moment: Julen San Miguel, Asier Mutuberria, Josu Juanenea eta Koldo Legarra
  • Doneztebe Titi: Eloy Garcia, David Mitxeo, Erik Garcia eta Imanol de Rueda
  • Irurita Migelene: Xabi Barberena, Iñigo Dendarieta, Oinatz Jauntsarats eta Egotz Prim
  • Oiz A: Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Laurendi Zelaieta eta Ugutz Zelaieta
  • Oiz B: Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Zorion Zelaieta eta Markel Leatxe

 

Lehen jardunaldia asteburu honetan

  • Doneztebe Titi – Doneztebe Menditxuri
  • Arraioz Sagardia – Irurita Miguelene
  • Oiz A – Oiz B
  • Doneztebe The Moment atsedena

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun