Joan den asteazkenean egin zuten Elgorriagako bainuetxean Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatutako Udaberriko Erremonte Profesionaleko Txapelketa-2025eko Microlan Aerospace Sari Nagusiaren aurkezpena. Erremontistekin batera, Arantxa Arregi Doneztebeko alkatea eta Erremonte Fundazioko, Elgorriagako bainuetxeko, Nafarroako Hondakinen Konsortzioko, ADANOko eta bertze zenbait erakundeetako ordezkariak izan ziren aurkezpenean.
Bortz bikote lehian
Bortz bikote lehian hasi dira ADANOren alde antolatutako txapelketa honetan: Zeberio II.a eta Barricart, Xanti Uterga eta David Mitxeo doneztebarrak, Eloi Otxandorena doneztebarra eta Otano, Matxin III.a eta Agirrezabala eta Jon Sagaseta iruritarra eta Ion.
Hain zuzen, azken bi bikote hauek jokatu dute final laurdenetako ligaxkako lehen partida larunbatean Zubirin. Matxin III.ak eta Agirrezabalak 35-25 irabazi diete Sagasetari eta Ioni.
Iruritan maiatzaren 24an eta Beran ekainaren 14an ligaxkako partidak, finala Donezteben ekainaren 27an
Zubiriko larunbateko partidaren ondotik, Caparroson apirilaren 25ean, Zizurren maiatzaren 3an, Agoitzen maiatzaren 9an, Irunberrin maiatzaren 16an, Iruritan maiatzaren 24an, Uharten maiatzaren 31n, Atarrabian ekainaren 7an eta Beran ekainaren 14an jokatuko dituzte final laurdenetako ligaxkako partidak. Lau bikote onenek finalerdiak jokatuko dituzte ekainaren 20an Azkoienen eta ekainaren 21ean Burlatan eta finala ekainaren 27an jokatuko dute Donezteben.