Azken hilabeteetan eskualdean lanbide heziketako zentro berria egin dadin mobilizazio, bilera, hausnarketa eta ekintza sorta egin ditugu. Azkenean, eskola berria egiteko proiektuari bultzada eman zaio, eta Nafarroako Gobernuak publikoki konprometitzen duen akordio bat sinatu du. Zorionak, beraz, eskolaren alde bultza egin duten eragile eta norbanako guztiei (ikasle, irakasle, guraso, herritar, udal, eragile, enpresa…). Bultzada hau eman ezean, proiektua kaxoi batean gordeta geldituko zela argi dugu. Eskualde gisa jokatu eta mobilizatu izanaren ondorioz lortutako garaipena izan denaren zalantzarik ere ez dugu.
Tamalez, oro ez da urre Oronozko eskola berriaren aferan. Batetik, Hezkuntza Departamentuak erdi mailako kirol zikloa proiektutik kanpo uztea erabaki du, ziklo hau Lekaroz BHIko institutura itzularazteko intentzioarekin. Bertzetik, aitzineko proiektuaren azalera % 18 murriztuko da, eskualderako estrategikoa den motorra ttikituz.
Argi utzi nahi dugu kirol zikloa, bertze ziklo guztiak bezala, lanbide heziketako zentro batean integratua egotearen garrantzia. Kudeaketa eta antolaketa arrazoiak daude batetik (praktikaldia, bizikidetza, orientazioa, Erasmusa, baliabideak, …), baita ikasketen diziplina arteko izaera eta bertze ziklo batzuekin lotura ere. Hezkuntzako arduradunei ahoa betetzen zaie proiektu, elkartruke, metodologia berritzaile eta bertzelako hitzekin. Baina ziklo bakar bat DBHko ikastetxe batean isolatzea ez dator bat saltzen duten horrekin guztiarekin.
Honen aurrean, eraikuntza berriaren espazio kopuruan eta beraz, aurrekontuan, aldaketa handirik eraginen ez lukeen proposamen bat landu genuen. Proposamen horrek proiektuan gela bat bakarrik eta 120m2-ko gimnasio bat gehitzea eskatzen zuen. Eta beharrezkoak diren gainerako baliabide guztiak (kiroldegia, rokodromoa eta biltegia) eskualdean egun dauden instalazioak probestuta. Gure harridurarako Hezkuntza Departamentuak ez zuen proposamena onartu eta kirol zikloa Lekarozera eramanen zutela berretsi zuten. Proposamenari inongo aukerarik eman ez izanak gure zalantzak handitu zituen. Orain arte erran diguten bezala kostu ekonomikoa ez bada arrazoi nagusia, zein da? Zergatik banandu nahi dute kirol zikloa gainontzeko ikasketetatik? Etorkizunean zikloa Iruñera eraman eta zentralizatzeko asmoa dago gibelean? Eskaintza publikotik desagerrarazi eta sektorearen pribatizazioan pauso bat gehiago eman nahi dute?
Erne egoteko arrazoiak ditugu. Ikusi dugu nola galdu zen eskola berriaren proiektua lizitazio, kontratu eta bulego artean. Kirol zikloa ere Lekarozerako bidean galtzeko arriskua nabarmena da. Galdu edo galarazi.
Eraikuntza murriztearen inguruan ere bertze kezka bat sortu zaigu: lanbide heziketa sustatzen eta handitzen ari den momentu honetan, eraikuntza berri bat espazioz mugatzea erabaki okerra dela deritzogu. Horregatik, Oronozko eskola berrian hezkuntza eskaintza osoa eta bateratua mantendu dadin lanean segituko dugu.