Mendialdeko ekoizleek eta artisauek Beteluko plazan jarriko dituzte postuak igande goizean. Denera, 22 postuk osatuko dute azoka; 11 ekoizleren eta 11 artisauren lanaren erakusle. Azoka 11:00etan hasiko da eta 14:30 arte egonen da zabalik. Bertan, taloa,
gazta, eztia, haragia, hestebeteak, patea, ogia, arrautzak, artisau garagardoa, olioa, artisau txokolatea... eta egurra, zeramika, metala zein ehunekin egindako artisau lanak erosteko aukera izanen dute bisitariek.
Iaz bezalaxe, azoka eguna osatzeko jarduera edo ekitaldi bereziren bat ere eskainiko dute. Betelun bertako folkloreari eman nahi izan diote garrantzia eta dantza tradizionalak ikusi eta bertako musikaz gozatzeko aukera izanen da herriko trikitilarien eta fanfarrearen eskutik.
Seigarren edizioan, bost azoka
Mendialdeko 10 udalerrik parte hartzen dute azokaren antolakuntzan (Araitz, Arano, Areso, Basaburua, Betelu, Imotz, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberriko Udalek). Aurreko edizioetan bederatzi azoka antolatu zituzten, baina aurten egutegia orekatu eta bost azoketara mugatzea erabaki dute. Aurten azokarik eginen ez den herrietan datorren urtean egitea da asmoa.
- Apirilak 13, Betelu: Dantzarien eta tokiko musikarien emanaldia.
- Maiatzak 18, Gorriti (Larraun): Latxa arrazako aharien IV. enkantea.
- Ekainak 1, Goizueta: Emakume Artzainen Eguna.
- Irailak 14, Leitza: XVIII. Talo Eguna
- Azaroak 2, Jauntsarats (Basaburua): Gaztain Eguna.
Ekitaldi hauetarako Cederna Garalur eta Plazaola Turismo Elkartearen koordinazio teknikoa dute udalek eta Habelarte Mendialdeko baserritarren elkartea eta tokiko kontsumo taldeak ere (Araizko Zaporeak, LeitzEKO eta Bertatik Bertara Dinamika) proiektuaren parte dira.