Baztan-Bidasoan hamar urterako garraio publikoa lizitaziora atera du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 11a, 20:00

24,1 milioi euroko balioa izanen du eta 21.100 pertsonei emanen dio zerbitzua

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuak lizitaziora atera du Iruñea-Irun arteko errepideko bidaiarien garraio publikoaren zerbitzua, Baztan-Bidasoko eremuan. Kontratuak hamar urteko iraupena izanen du, eta 24,1 milioi eurotik gorako balioa.

Zerbitzu hori emateak 21.100 pertsona baino gehiagoren garraio premiei erantzutea ahalbidetuko du. Horietatik, 39 erakundetako 5.500ek baino gehiagok ez zuten garraio publikorik. Hala, Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Txibitek zerbitzu horren garrantzia azpimarratu du, «lurraldea egituratzeko eta despopulazioaren aurkako borrokan» suposatzen duenagatik. Gainera, garraio publikoaren eta politika jasangarrien aldeko apustu irmoa da.

Baztan-Bidasoko garraio zerbitzuaren linea nagusiak prestatzerakoan, kontuan hartu da egungo garraio-lineak integratzea eta zerbitzuen eskualde ikuspegia txertatzea. Gainera, autobusen garraio erregularra eta eskariaren araberako garraioa turismo-ibilgailuekin konbinatuko dira. Desgaitasunen bat duten pertsonen irisgarritasuna ere bermatuko da, doan bidaiatuko baitute.

Baztan-Bidasoko bizilagunek interes orokorreko zerbitzuetara (lantokietara, osasun-zentroetara eta aisialdi-zentroetara) duten sarbidea ere kontuan hartu da, lehentasuna duten egoerak izateagatik, emakidaren zerbitzuak diseinatzerakoan.

Zerbitzuak

Zerbitzuak garraio erregularreko bi lineatan eta eskariaren araberako bi garraio-lineatan egituratzen dira. Garraio erregularreko lehen linean, Iruñea-Mugairi-Elizondo-Donostia artean doa, ibilbide desberdinekin, herritarren beharren arabera: Donostia-Oronoz-Mugairi-Iruñea, bi noranzkoetan; Elizondo-Iruñea, bi noranzkoetan; Elizondo-Donostia, bi noranzkoetan; Donostia-Irun-Lesaka. Bigarren garraio erregularreko linea Iruña-Ultzama artekoa da.

Aldi berean, eskariaren araberako garraioari ekinen zaio, Baztan, Bortziriak eta Malerreka linearen eta Lantz-Iruñea linearen bidez. Zerbitzu hori egunero eskainiko da, aitzinetik erreserba egin beharko da eta orain arte garraio publikorik ez zegoen herrietan emanen da zerbitzua. Horrela, zerbitzuak emanen dira honako udalerri hauetan: Zugarramurdi, Dantxarinea, Urdazubi, Amaiur, Erratzu, Bozate, Arizkun, Elbete, Elizondo, Zigaurre, Ziga, Aniz, Berroeta edo Almandoz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun