'Zero Hondakin' zigilua lortu dute eskualdeko hiru ostatu turistikok

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 10a, 12:00

Arantza Hotelak, Elbeteko Posadak eta Elizondoko Urruska landetxeak lortu dute ziurtagiria, «hondakinak murrizteko eta balorizatzeko praktika zehatzak egiteagatik, turismo arduratsu eta eraginkorrago baterantz aitzinera eginez»

ANAPEH Nafarroako Ostalaritza Enpresa Ttikien Elkarteak 'Zero Hondakin' zigiluaren lehen ziurtagariak eman dizkie bortz ostatu turistikori, tartean eskualdeko hiru: Arantza Hotela (Arantza), Elbeteko Posada (Elbete), Urruska landetxea (Elizondo), Heredad Beragu Hotela eta Catalingarde landetxea.

Zehazki, establezimendu horien «ingurumenarekiko konpromisoa» zigilatu dute. «Jasangarritasunarekin eta eguneroko kudeaketan neurri zirkularrak ezartzearekin duten konpromisoagatik nabarmentzen dira, eta beren gain hartzen dute eraginkorragoak izateko eta ingurumenean duten inpaktua ahalik eta gehien murrizteko erantzukizuna».

Gainera, lau ostatu gehiagotan «neurri zirkularrak hartzen ari direla» jakinarazi dute, eta «denbora guttian zigiluarekin bat eginen dutela». Horrela, Nafarroa «ingurunearekiko errespetuaren aldeko apustua egiten duen helmuga turistiko gisa» indartu nahi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun