Eskualdeko lau bertsolari ortziralean eginen duten Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalean

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 9a, 20:00

Eskualdeko lau bertsolariak Donezteben egindako eskolarteko kanporaketan.

Ortziralean jokatuko dute Irurtzungo Pikuxar elkartean Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala. Sei bertsolari gazte ariko dira kantuan eta horietako lau dira eskualdekoak.

Enaitz Zestau-Telletxea eta Iraun Zestau Telletxea beratarrak, Kattalin Lizarraga Mendia leitzarra eta Kattin Madariaga Apaolaza aranztarra ariko dira ortziralean kantari, eta Iruñeko Ibai Letona Garaikoetxearkin eta Iradi Goñi  Montielekin batera.

Saats Karasatorrek aurkeztuko du saioa, eta Amaia Telletxea aranztarra, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltza izanen dira saioko epaileak. Txapelketak bi fase izanen ditu. Lehenengoan bertsolari guztiak arituko dira, eta honako hau da egin beharko duten lana: agurra, lau oinak emanda bertso bana osatu, bukaera emanda bertso bana osatu, hitza gaitzat hartua bertso bana osatu eta gai orokorra emanda, gehienez 5 puntuko bertso bana osatu. 

Hortik, lau bertsolari sailkatuko dira bigarren faseko lehengo ariketara, eta horietatik bi ganbarako lana egiteko. Lau sailkatuek zortziko ttikian, ofizioka, bina bertso osatu beharko dituzte. Bertatik, bi bertsolari sailkatuko dira ganbarako lanera eta puntu bati erantzunez bertso bat osatu beharko dute lehendabizi eta ondotik gaia emanda bertso bat.

Lan denak eginda puntu gehien biltzen dituen bertsolariak jantziko du aurtengo txapela. Txapelketako lehenengo bi sailkatuak, gainera, Arantzan eginen den Euskal Herriko Eskolartekorako sailkatuko dira, Nafarroako ordezkari gisa.

Saioa 18:30ean hasiko da Irurtzungo Pikuxar Euskal Txokoan eta sarrera debalde izanen da. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun