Emakume Master Cupeko Nafarroako Irekian ariko dira Goiuri Zabaleta leitzarra eta Nahia Bertiz sunbildarra

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 8a, 20:00

Nafarroako Irekian parte hartuko duten pilotarietako batzuk aurkezpenean. Eskuinean, Nahia Bertiz sunbildarra. Ezkerretik hasita laugarrena, Goiuri Zabaleta leitzarra.

Nafarroako emakumeen esku pilota irekiak bosgarren edizioa insartsu hasiko da. Horren froga da elite mailako binakako torneoan zortzi bikotek hartuko dutela parte. Horien artean, elite mailako berrikuntzetako bat, Nahia Bertiz sunbildarra izanen da. Goiuri Zabaleta leitzarra ere ariko da. Vianan hasi eta Izaban, Tafallan, Lodosan, Lekunberrin eta Altsasun jolatu ondotik, maiatzaren 11n Iruñeko Labriten jokatuko dute finala. 

Arraiza-Gaminde, Binakako Nagusiaren azken garaileak, izan ziren 2024ko edizioko txapeldunak, baina aurten bakoitzak bere aldetik defendatu beharko du euren titulua, antolatzaileek ez baitituzte elkarrekin paratu. Aldai-Arrillaga, Arraiza-Bergara, Etxegarai-Erasun, Zabaleta-Capellan, Ibarrola-Gaminde, Garai-Mendiburu, Arrizabalaga-Mendizabal eta Salsamendi-Bertiz dira parte hartuko duten bikoteak.

 

Nahia Bertiz sunbildarra ezkerrean eta Goiuri Zabaleta leitzarra eskuinean, Aizane Ibarraola tartean dutela, aurkezpenean.

Goiuri Zabaleta: «Txapelketa zaila izanen da»

Goiuri Zabaleta leitzarra, Banakako txapelduna, da Nafarroako itxaropen sendoenetako bat txapelak etxean gera daitezen. «Lehiaketa hau oso polita iruditzen zait eta, gainera, nafarra naizen aldetik, ilusio handia sortzen didan lehiaketa da. Egia esan, bikote indartsu eta orekatuak ikusten ditut, oso gogorrak, pilotari batzuk oso maila handian daude eta, egia esan, oso txapelketa zaila izanen da jokatzeko, baina ikusleentzat eta ikuskizunarentzat ezin hobea», adierazi du.

Bukatu berri den Binakakoan bere errendimendua asko mugatu zuen gaixotasun batetik osatu berritan, Goiuri Zabaletak aitortu du oraindik tarte bat geratzen zaiola urteko txapelik garrantzitsuena janztera eraman zuen maila hura berreskuratzeko, baina gerra emateko prest dator, entrenatuz eta jokatuz, hobera bakarrik egin dezakeelakoan. «Aurten finala Labriten jokatuko da, asko gustatzen zaidan pilotalekuan, eta nire aldetik dena jarriko dut finalera iritsi ahal izateko, zaila izan arren. Egia da gaixorik egon naizela eta ez nagoela %100ean, baina astez aste lanean ari gara sasoi onena berreskuratzeko eta ea, partidak jokatuz, lehengo jokoa berreskuratzen dudan berriro eta onenekin lehiatzen naizen».

Laia Salsamendik eta Nahia Bertiz sunbildarrak bikote erabat nafarra osatzen dute, eta etxean zerbait handia egin ahal izateko ilusio handiarekin ekingo diote Nafarroako Irekiari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun