Matxin III.ak eta Ionek irabazi dute Iruñeko Alde Zaharreko XI. Erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 7a, 16:00

Iruñeko Alde Zaharreko XI. erremonte txapelketako lehen mailako eta promozioko txapeldun eta txapeldunordeak, sariak banatu ondotik.

Ortziralean jokatutako finalean 35-33 irabazi zieten Utergari eta Barricarti eta promozio mailan, Sagaseta eta Leatxe nagusitu zitzaizkien Iturregiri eta Mikelarenari

Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hamaikagarren edizioko finalak jokatu zituzten apirilaren 4an, ortzirale arratsaldean Iruñeko Labrit pilotalekuan. Maila nagusikoan, Matxin III.ak eta Ionek 35-ee irabazi zieten Xanti Uterga doneztebarrari eta Barricarti.

Partida lehiatua izan zen. 13-13 berdinketaren ondotik, aitzinetik izan ziren Uterga eta Barricart, zazpi tantoko aldearekin (22-15, 23-18), baita zortzikoa ere (28-20). Baina azken txanpan gipuzkoarrak suspertu ziren, markagailuan bi tantora hurbilduz (28-26, 29-27, 30-28, 32-30). 33-30 irabazten izan ziren Uterga eta Barricart, baina azken bortz tantoak segidan egin zituzten Matxin III.ak eta Ionek, txapela janzteko.

Xanti Uterga pilota eramaten, Matxin III.a begira duela, ortziraleko final nagusian.

Aitzinetik, jaialdiko lehen partidan jokatu. zuten promozio mailako finaleko lau erremontistak eskualdekoak ziren:  Jon Sagaseta iruritarrak eta Markel Leatxe donamariarrak 35-33 irabazi zieten Xuban Iturregi iruritarrari eta Mikel Mikelarena oiztarrari. Hauek ere partida berdindua eskaini zuten hainbat berdinketa izan zituena.

Jon Sagaseta iruritarra eta Markel Leatxe donamariarra, promozio mailako txapeldunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun