Emakume Master Cupeko eskuz binakako txapelketako txapelak jokoan izanen dituzte igande eguerdi honetan Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan, ETBko kamerek zuzenean emanen duten jaialdi ikusgarrian. Elite mailan Arrizabalaga-Bergara eta Arraiza-Gaminde izanen dira finalean. Jaialdiko bigarren partida izanen da. Aurrretik, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Mendizabal, Ibarrolaren eta Erasunen kontra ariko dira.
Esku pilotan binakako sei txapel eskura ditzakeen lehen pilotaria izan daiteke Arrizabalaga
Gizonezkoetan Jose Javier Zabaletak bere seigarren txapela lortzerik izan ez duenez –momentuz Irujo, Retegi II.a eta Maiz II.arekin bost garaipenetan berdinduta jarraitzen du–, Olatz Arrizabalaga izan daiteke esku pilotaren historian Binakako sei txapel eskura ditzakeen lehen pilotaria. Horretarako, ordea, ez du lan errazik izanen, parean izanen dituzten Arraiza-Gamindek erakutsia baitute edozeini irabazteko gai direla. 2022an, Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek elkarrekin jantzi zuten, Irunen, Binakako txapela eta aurten, handik kilometro gutxira, Oiartzunen, euren palmaresa handitzen jarraitu nahi dute. Aurrelariarentzat seigarren txapela litzatekeen bitartean, Laukizko atzelariak bigarren txapela luke. Baina elitean erabat sendotutako pilotari hauez gain, pozgarriena atzetik pilotari gazte ederrak datozela ikustea da eta hala, Arrate Bergarak eta Miriam Arraizak euren lehen txapela eskuratu ahal izanen dute, jokatuko duten lehen finalean.