«Ezkontzaren inguruko presioak kendu behar ditugu disfrutatzeko»

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 5a, 11:00

«Ezkontzetarako jantziak neurrira egiteko joskintza tailer txiki bat» da Donostiako Getary atelierra, Iraia OIARTZABAL eta Ane AREITIO sortzaileek azaldu dutenez.

Emakumeentzako arropak egiten dituzte, ezkongaientzako baina baita gonbidatuentzako ere. Urtean 70 bat bezero izaten dituzte, «hori da gure topea. Bi bakarrik garenez, egin ditzakegunak hartzen ditugu, eta urtero iristen zaigu bezero gehiagori ezetz esateko momentua. Tailer txiki bat izaten jarraitu nahi dugu eta eroso gaude lan kopuru honekin». Gainera, horri esker, bezero bakoitzari behar duen arreta emateko gai dira; «lana mimoz egin nahi dugu eta bezeroari prozesu osoan lagundu».

Mota guztietako estiloak

Soineko bakoitza «mundu bat» dela diote, «eta hori dugu bereizgarri garrantzitsuenetako bat, bakoitzaren gustu eta nahietara moldatzen garela beti, transmititu nahi duenera, egun berezi horretan bere esentzia mantendu ahal izateko». Hori dela eta, «bezero bakoitza desberdina den bezala, soineko edo lookak ere desberdina dirak euren artean».

Izan ere, janzkera «norbere burua espresatzeko tresna dela» azaldu dute, «bakoitza adierazi nahi duenaren arabera janzten da, baita ezkontza egunean ere. Jantzia hainbat faktoretara egokitu behar da; norberaren izaera, nortasuna, autoestimua, eguna nola ospatuko duen edo zein motako zeremonia izanen den… ez baita berdina katedral batean ezkontzea, ermita txiki batean, udaletxean edo baserri batean».

Gainera, gero eta emaztegai gehiagok egiten dute soineko tradizionaletik kanpoko hautua; «azken urteetan estiloen konbinazio asko egiten dira. Orain arte, normalean, galtzekin zihoan ezkongaia maila xumeagoan jantzi ohi zen. Baina gaur egun, badago soinekoekin identifikatzen ez den arren, moda gustuko duen jendea, jantziekin jolasteko gogoarekin datorrena edo gauza berriak probatzera ausartzen dena».

Sare sozialek eragin handia izan dute horretan, izan ere, «ezkontza soinekoak hor izan dira beti, baina sare sozialak ez. Lehen jendeak ez zuen ezkontzetarako moda kontsumitzen, ezkondu behar zuenak espezifikoki bilatzen ez bazuen. Ezkontza soinekoak, printzipioz, bizitzan behin janztekoak dira. Horregatik, joerak urte luzez edo hamarkadetan mantendu izan dira». Gaur egun, aldiz, «egiten den guztia ikus dezakegu sareetan, eta ondorioz joerak aldatzen ari dira. Desberdin joan nahi duenak hainbeste gauza ikusi ditu jada, gauza desberdinagoak egitera arriskatzen dela».

Materialari dagokionez, «denetik erabiltzen dugu. Ehun bakoitza erabilgarria izan daiteke lortu nahi den efektuaren arabera: batzuk aproposagoak dira bolumena emateko edo estilo bat eraikitzeko, azalarekin hobe doan tonua ere aukeratu behar da… faktore asko sartzen dira kontuan». Hala ere, «guk normalean material naturalak erabiltzen ditugu».

Kofiantza, prozesuaren gakoa

Bezeroak Getaryrekin lehen kontaktua egitean, prozesua zertan datzan azaltzen diote, eta lehenbiziko hitzordua finkatu. «Hitzordu horretan ezkontzaren nondik norakoak ezagutzen ditugu; zer nahi duen transmititu, zein diren bere gustuak, inspiraziorik ote duen… gaur egun, mundu guziak dauka sortua karpeta bat ideiekin. Horrekin, abiapuntutzat erabilliko dugun marrazkia egiten dugu».

Gainera, «prozesuan eta gugan konfiantza izateko eskatzen dugu beti, paperean dagoen lehen zirriborro hori soinean ikusi arte. Hori baita gure erronkarik handiena, ikusten ez den soineko bat saltzea. Burua irekia eduki behar da, guk bezeroaren norabidea gidatu ahal izateko eta bera prozesuaren partaide izan dadin».

Bezeroak proposamena onartuz gero, hurrengo pausoa oihaleko proba da; «kotoizko tela batean neurriak hartzen ditugu gorputzaren gainean zuzenean. Hor hasten da soineko edo jantzia sortzeko prozesua; aukerak ikusten ditugu, ehunak hautatu… oinarrizko diseinua izanda, hurrengo proban ehunarekin proba egiten dugu. Azken finean, proba bakoitzean hartutako erabakiak hurrengoan ikusiko dituzte eginak. Horrela, apurka-apurka erabakitzen ditugu gauzak, probaz proba. Guztira bost proba egiten ditugu normalean».

«Disfrutatzeko prozesua» dela diote; «neurrira egindako jantzi bat sortzea bizitzan oso gutxitan izaten den aukera da, normalean behin bakarrik, denbora eta diru aldetik dakarren gastuagatik. Gainera, ezkontza bat prestatzea normalean ilusioz betetako prozeua izaten da, urteko ekitaldirik garrantzitsuena baita». Hala ere, «ezkontzaren mundua oso exijentea da eta hor sartzen dira bakoitzaren izaera, segurtasun eza, egoera pertsonalak… horrekin laguntzen saiatzen gara beti».

Horretarako, ezkontzaren irudia desmitifikatzeko beharra ikusi dute; «argi dugu ezkontza eguna ez dela bizitzako egunik garrantzitsuena. Paradigma horrek kristoren pisua dauka ezkongaien gain, baina hori burutik kendu behar dugu. Bizitzan ezkontza baino askoz ere traszendentalagoak diren gauzak daude. Hau ilusioz prestatu beharreko ospakizuna da, ez presiopean eta estutua, bestela, ez du merezi. Daukan garrantzia emanez gero, askoz gehiago disfrutatzen da prozesua».

Dena bukatuta, «emaitzarekin pozik gelditzen direla uste dugu, hala esaten baitigute. Iritzi eta erreferentzia onak izaten ditugu askotan, eta gu ere pozik gaude bezeroekin».

Aurtengo urtea ia betea dute, eta etorkizunera begira, «horrela jarraitzeko asmoa dugu, ahal dugun bitartean behintzat».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun