[GUTUNA]: Leitzako kantu zaharren eguna

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 6a, 10:00

Leitzako Aurrera elkarteak antolatuta, kantu zaharren bazkaria egin zuten martxoaren 15ean Leitzan. Hitzordu horri buruz mintzo da Jon Barandiaran idatzi honetan. Hitz politak, txaloak eta esker oneko hitzak erabili ditu.

Iragan martxoaren 15ean, larunbat goizez, elurra egin zuen gozo Leitzan. Bai eta zuritu ere une batez bertako kaleak eta plaza ederra. V. kantu bazkarira bildu ginenek, berriz, ez genituen elurraren hotz eta hezetasuna oztopo izan festa ezin ederragoaz gozatzeko. Erleta eskolako jangelan epeltasuna eta lagun giroa nagusitu ziren hotza eta hezetasuna kanpoan utzirik.

Lerro hauen bidez, Aurrera Dantza Taldeko kideak eta jaia posible egin zuten guztiak txalotu nahi nituzke, nahiz ongi dakidan halako lan eskergarentzat merezi adinako omenaldirik ezin diedala egin lerro xume batzuekin.

Zortzi orduko jaialdia, bazkari eder baten inguruan kantu eta dantza. Bai eta bingoa ere! Deus ez falta! Gozatu ederra hartu genuen, bai!

Esker oneko txalo bat Aurrerako kideei beren ekimenarengatik. Gauzak ez dira berez, besterik gabe, egiten. Antolatu beharra dago eta Aurrerako gazteek irribarrerik galdu gabe burutu zuten lana. Txalo bikoitza, bazkari garaian eskaini zuten dantza ikuskizun bikainarengatik;

Txalo bat Xabat Illarregi bertsolariari bere saioagatik;

Txalo bat Nahia eta Markel Barriola anai-arrebei eta Mikel Sagastibeltzari beren kantaldiarengatik. Herri guztietan artista handiak daudelako erakusgarri.

Nola ez, halako lanetan hasteko laguntzaile onak izatea ezinbestekoa da, eta Leitzako dantzariek ezin hobea dute Angel Mariezkurrena. Bai eta Angelek haiek ere. Duela 18 urte kantu zaharren jaiak abiatu zituenetik bidea egin du eta egiten ari da eratsundarra. Txalo bat eta gorazarre lagun artean kantatzeko ohitura zaharrak sortzen duen plazera, galduxea zenean, oroitarazi zigun adiskide eta kultur eragile bikainari, gure ohitura zaharraz gozatzeko eskaintzen dizkigun abagune guztiengatik.

Aipatu jaialdian taldekide eta Angelen eskuin beso den Aitor Ibarraren hutsunea izan genuen. Berriki izan duen ebakuntza batengatik, ezin izan genuen gozatu Sunbillako tronpeta jotzaile eta festa girotzaile paregabearen musikaz eta umoreaz. Mezu bat bidali zigun eta gogoz hura ere gure artean sentitu ahal izan genuen.

Beste taldekideak, Patxi Santxotena soinu jotzaile baztandar gartsua, eta Beñat Mitxelena Arantzako musikari trebea gitarra eta teklatuarekin, kamutsak ez, eta beren egitekoa fin demonio bete zuten. Beti jendearen eskakizunei adeitsu eta ezpainetan irria lagun. Txalo bat hauei ere.

Antolatzaile baten hitzekin bat eginik nahi nuke idazkia burutu: «Ia berdin jarraitzen dugun, batzuk antolatzen eta denak parte hartzen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun