Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketako finalak jokatuko dituzte ortziralean Labriten

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 3a, 09:00

Ion, Matxin III.a, Barricart eta Xanti Uterga doneztebarra. Berriz ere aurrez aurre izanen dira Labriten, oraingoan final nagusian.

Final nagusian, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Matxin III.aren eta Ionen kontra ariko dira eta promozio mailakoan Xuban Iturregi iruritarra eta Mikel Mikelarena oiztarra ariko dira Jon Sagaseta iruritarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra

Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hamaikagarren edizioko finalak jokatuko dituzte apirilaren 4an, ortziralean 19:00etan hasita, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Maila nagusikoan, jaialdiko bigarren partidan, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Matxin III.aren eta Ionen kontra ariko dira.

Aitzinetik, jaialdiko lehen partidan jokatuko duten promozio mailako finaleko lau erremontistak eskualdekoak izanen dira: Xuban Iturregi iruritarra eta Mikel Mikelarena oiztarra ariko dira Jon Sagaseta iruritarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra.

Txapelketako jaialdi guztiak bezala, finaletako jaialdia ere, sarrerako dirua ADANOra, minbizia duten Nafarroako haurren eta senideen elkartera, bideratuko dute. Sarrerako dohaintza hamar eurokoa izanen da 22 urtez goitikoentzat, bortz eurokoa 16 eta 22 urte bitartekoentzat eta 16 urtez beheitikoak doan sartuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun