SARETZEN

Herritar bakoitzeko 1,39 ibilgailu daude eskualdean

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 29a, 08:00

Saretzen dinamikaren barrenean, Tokikom tokiko komunikabide taldeak eta EITBk elkarlanean, seigarren txostena argitaratu dute. Mugikortasuna du hizpide, eta gure eskualdeko datuei erreparatuz, ibilgailuak herritarrak baino gehiago dira eta auto pribatua da protagonista eguneroko joan-etorrietan. Ikusi udalerriz udalerriko datuak albiste barrenean.

Erakundeek mugikortasun iraunkorragoaren aldeko apustua dute maiz hizpide, baina errealitatea bertzelakoa da. Konparazio batera, TTIPI-TTAPAk hartzen duen Nafarroako eremuan ia ez dago garraio publikoaren zerbitzurik, Nafarroa Garaiko bertze eskualde aunitzetan bezala. Eta hortaz, halabeharrez, autoa da garraiobiderik erabiliena. 2007tik autoen salmenta kopuruak goiti-beheitiak izan baditu ere, 2023tik honat matrikulazioek gelditu gabe goiti egin dute azken urtean, bai Nafarroan (+ % 2,1), bai EAEn.

Ziklomotorrak, motozikletak, turismoak, furgonetak eta kamioiak. Datu horiek bildu dituzte Saretzen txostenean. 2023ko datuak dira azkenak, eta horren arabera, ia 28.000 ibilgailu daude eskualdean, eta horietatik % 55 autoak dira; % 14,8 furgonetak; % 10,4 kamioiak, % 8,7 motozikletak, % 3,2 ziklomotorrak…

Arano biztanleko auto gehien dituen udalerria

Eskualdean, hamasei urtetik goitiko herritar bakoitzeko 1,39 ibilgailu daude. Eta hara non, herritar bakoitzeko ibilgailu gehien duena biztanle kopuru baxuena duena da: Arano. Hamasei urtetik goitiko herritar bakoitzeko 1,91 ibilgailu dituzte Aranon. Urdazubi (1,84), Sunbilla (1,82) eta Zugarramurdi (1,71) ditu gibeletik. Autoetan zentratuta ere, Arano da biztanleko auto gehien dituen herria (biztanleko 0,94); Saldias eta Zugarramurdi heldu dira gibeletik (0,86), Sunbilla segidan (0,85), eta Ezkurra ondotik (0,82).

Urroz eta Leitza biztanleko auto guttien dituzten udalerriak

Ibilgailu guttien dituzten udalerriak, berriz, Urroz (biztanleko bat) eta Leitza (1,05) dira. Haien ondotik, Bertizarana (1,14), Baztan (1,15) eta Bera (1,17) dira. Herritar bakoitzeko auto guttien dituzten udalerriak ere Urroz eta Leitza dira. Urrozen hamasei urtetik goitiko biztanle bakoitzeko 0,59 auto daude eta Leitzan 0,63. Zerrendan hurrengoak Baztan eta Bertizarana dira, biztanleko 0,65 autorekin.

 

 

Auto zaharrak

Autoen adinari dagokionez, Nafarroako banaz bertzekoa 15,2 urtekoa da; eta EAEkoa, 14,5 urtekoa. Bi balioak eskualdeko banaz bertzekoaren gainetik daude, eskualdean, gutti goiti-beheiti 13,2 urte baitituzte autoek.

Adina alde batera utzita, motorrari erreparatuz, dieselak segitzen du nagusi izaten. Eskualdeko ibilgailuen hamarretik sei baino gehiagok diesel motorra dute eta % 33,4k gasolina. Elektrikoen kopurua hagitz-hagitz ttikia da (80 zenbatu dituzte eskualdean) eta PGL (petrolioa-gas likidotua) motorra dutenak oraindik guttiago (28 baino ez). GNL (gas natural likidotua) klasekorik ez dago, eta bertzelako hiru kasu zenbatu dituzte. 

Hego Euskal Herriko datuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!