Iruñeko Alde Zaharreko erremonte txapelketaren hamaikagarren edizioko finalerdiak jokatuko dituzte martxoaren 27an, ortzegunean 18:30ean hasita, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehen mailako finalerdia Matxin III.ak eta Ionek, Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarren kontra jokatuko dute. Irabazleen esperoan, finalerako zuzenean sailkatuta daude Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart.
Promozio mailako finalerdian, berriz, Jon Sagaseta iruritarrak eta Markel Leatxe donamariarrak Osesen eta Agirrezabalaren kontra jokatuko dute. Irabazleek, Xuban Iturregi iruritarraren eta Mikel Mikelarena oiztarraren kontra jokatuko dute finala.
Ordutegi berezia
Txapelketa honetako partida gehienak ortziraletan jokatu dituzte Labriten, baina ortzirale honetan Nafarroako Pilota Federazioak behar du hiriburuko pilotaleku nagusia eta horregatik aldatu dituzte finalerdiak ortzegunera. Gainera, ortzegunean 21:00etan hasiko den futboleko FC Barcelona eta Osasunaren arteko partidarekin batera ez izateko, zertxobait aitzineratu egin dute ordutegia. Beraz, erremonte jaialdia ortzegunean 18:30ean hasiko da Labriten.
Txapelketako jaialdi guztiak bezala, finalerdietan ere, sarrerako dirua ADANOra, minbizia duten Nafarroako haurren eta senideen elkarte honetara, bideratuko dute. Sarrerako dohaintza hamar eurokoa izanen da 22 urtez goitikoentzat, bortz eurokoa 16 eta 22 urte bitartekoentzat eta 16 urtez beheitikoak doan sartuko dira.