Eskualdeko bortz bikotek lortu dute Euskal Herriko Mus Txapelketako finalera sailkatzea

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 25a, 16:00

Sailkatu diren bortz bikote horietako bat argazkian ageri diren Xuban Bengoetxeak eta Aimar Rekartek osatua da.

Erratzu, Arraioz, Leitza, Lesaka eta Oronoz-Mugairikoak dira sailkatutako bikoteak. Final nazionala Araban jokatuko da, Zigoitian, apirilaren 5ean eta zazpi herrialdeetako 128 bikotek jokatuko dute.

Joan den larunbatean, martxoaren 22an, jokatu zituzten herrialdez herrialdeko kanporaketak. Nafarroa Garaiko kasuan, Iruñean izan zuten hitzordua, eta guztira 180 bikote aritu ziren musean, tartean, eskualdeko 47.

32 bikotek lortu dute Euskal Herri mailako final nazionalera sailkatzeko txartela, eta horietako bortz eskualdekoak dira:

  1. Xuban Bengoetxea eta Aimar Rekarte (Erratzu)
  2. Jon Dozagarai eta Aintzane Telleria (Arraioz)
  3. J. Manuel Zabaleta eta J. Miguel Gonzalez (Leitza)
  4. Julen Urdangarin eta Imanol Ugaldebere (Lesaka)
  5. Joseba Berho eta Aitor Beorlegi (Oronoz-Mugairi)

Final nazionala Araban izanen da, Zigoitian, apirilaren 5ean eta zazpi herrialdeetako 128 bikotek jokatuko dute.

Sariak
  • Txapeldunak: txapela, garaikurra, 3.000 euro eta Karibera bidaia lau lagunentzat, dena barne.
  • Txapeldunordeak: garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzat Karibera bidaia, dena barne.
  • Hirugarren bikote sailkatua: 750 euro eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat.
  • Laugarren bikote sailkatua: 500 euro eta euskaraz ikasteko urte osorako bi matrikula.
  • 5.etik 8.era sailkaturiko bikoteentzat: 250 euro.
  • 9.etik 16.era sailkatutako bikoteentzat: 100 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun