Goiuri Zabaleta ez da Emakume Master Cup binakako txapelketako finalerako sailkatu

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 24a, 20:00

Bergara, Arrizabalaga, Oses eta Zabaleta, finalerdia jokatu baino lehen. Urdinek lortu zuten finalerako txartela.

Promesa mailan, aldiz, finalean izanen dira Nahia Bertiz sunbildarra eta Alize Sagardui goizuetarra, bikote eginez

Emakume Master Cupeko eskuz binakako txapelketaren finalerdiak jokatu zituzten igandean Laudioko Areta pilotalekuan. Elite mailan, Arrizabalagak eta Bergarak 22-15 irabazi zieten Goiuri Zabaleta leitzarrari eta Osesi eta bigarren finalerdian, Arrizak eta Gamindek 22-16 irabazi zieten Etxegarairi eta Arrillagari. Bikote irabazleek apirilaren 6an jokatuko dute finala elkarren kontra Oiartzunen.

Bertiz eta Sagardui promesa mailako finalera

Igande goizean elite mailako finalerdiak jokatu zituzten Laudion eta arratsaldean beste kategorietako finalerdiak jokatu zituzten Laudion.

Gazteen mailan, Sorondo eta Rey izan ziren garaile lehen finalerdian, Iparragirreri eta Lizarralderi 18-10 irabazita. Bigarren finalerdian, Arratibelek eta Galardik 18-8 irabazi zieten Arrutiri eta Landari. Beraz, Oiartzungo Madalensoron jokatuko den finalean, Nahia Sorondo eta Arhane Rey, Ahinitze Arratibelen eta Larraitz Galardiren kontra ariko dira.

Promesa mailako lehen finalerdian, Insaustik eta Betegik 18-13 irabazi zieten Lopez de Okarizi eta Perezi. Bigarren finalerdian, eskualdeko bikoteak, Alize Sagardui goizuetarrak eta Nahia Bertiz sunbildarrak osatutakoak, 18-2 irabazi zien Urrutikoetxeak eta Zarrabeitiak osatutakoari. Honela, Olatz Insausti eta Irati Betegi, Alize Sagarduiren eta Nahia Bertizen kontra ariko dira Oiartzungo finalean.

Nahia Bertizek eta Alize Sagarduik erraz irabazi zuten promesa mailako finalerdia eta apirilaren 6ko finalean izanen dira Oiartzunen.

Emakume Master Cupen finalean elkarrekin bikote eginez jokatzekoak badira ere, astebete lehenago, martxoaren 29an, Adosen eskuz binakako txapelketaren promozio mailako finalean elkarren kontra aritzekoak dira Bertiz eta Sagardui Iruñeko Labriten. Sunbildarrak Insausti izanen du bikote eta goizuetarrak Gomez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun