Iturriaga leitzarrak Adosen binakako pilota txapelketako finalerako txartela eskuratu du Miarritzen

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 24a, 11:00

Iera Agirre Iturria leitzarrak min handia egin zuen sakearekin finalerdian eta, Mendibururekin batera, finalerako txartela eskuratu zuen Miarritzen. Argazkia: Edu Agirre

Mendibururekin batera, Oskozen eta Agirreren kontra jokatuko du martxoaren 29an Labriten eta promozio mailako finalean, Alize Sagardui goizuetarra eta Nahia Bertiz sunbildarra izanen dira aurrez aurre

Ados pilota elkarteak antolatutako eskuz binakako txapelketa finalerdiak jokatu dituzte asteburuan Donostian eta Miarritzen eta honela, martxoaren 29an, larunbatean 17:30ean hasita Labriten jokatuko duten finalistak zein izanen diren erabaki da. Naroa Elizalde Etxekolonea gogoan, omenaldia eskainiko diote pilotari zubietarrari finaleko jaialdian.

Larunbat arratsaldean Donostiako Atano pilotalekuan jokatu dituzte lehen finalerdiak, 500 ikusleren aurrean. Promozio mailan, Insaustik eta Nahia Bertiz sunbildarrak 22-14 irabazi zieten Crespori eta Perezi. Lehen mailako lehen finalerdian, berriz, Oskozen eta Agirrek 22-17 irabazi zieten Barrokali eta Arrastiari.

Nahia Bertiz sunbildarrak promozio mailako finalerako sailkatu zen larunbatean Donostiako Atano III.ean.

Igande goizean, Miarritzeko Plaza Berri pilotaleku dotorean jokatu dira bertze bi finalerdiak. Promozio mailan, Gomezek eta Alize Sagardui goizuetarrak 221-8 irabazi diete Iraide Iriarte sunbildarrari eta Sotili. Lehen mailako finalerdian, berriz, Iturriaga leitzarrak eta Mendiburuk uste baino errazago menperatu dituzte Ruiz de Infante eta Orbegozo (22-3).

Iraide Iriarte eta Alize Sagardui nor baino nor gehiago Miarritzen jokatutako promozio mailako azken jardunaldian. Azkenean, goizuetarra gailendu zitzaion sunbildarrari.

Gauzak honela, martxoaren 29an, larunbatean 17:30ean hasita, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko dituzte finalak. Txapelketa osoan bezala, finaleko jaialdian ere berriki hildako Naroa Elizalde Etxekolonea pilotari zubietarra izanen dute gogoan eta omenaldia eskainiko diote. Promozio mailako finalean, Insausti eta Nahia Bertiz sunbildarra, Gomezen eta Alize Sagardui goizuetarraren kontra ariko dira. Lehen mailako final nagusian, berriz, Iera Agirre Iturriaga leitzarra eta Mendiburu, Oskozen eta Agirreren kontra ariko dira.

Finalerako sarrerak eskuragarri daude adospilota.eus web gunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun