Apirilaren 27an ospatuko dute Nafarroaren Eguna Baigorrin

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 22a, 11:00

Aurtengo bestaren aurkezpena egin du aste honetan Basaizea elkarteak.

Dantzaldiak, kontzertuak, ikusgarriak… Basaizeak egun osoko egitaraua antolatu du eta motorrak berotzen hasteko, ekitaldi ugari izanen dituzte apiril osoan

Aurtengo Nafarroaren Eguna aurkeztu du aste honetan Baigorriko Basaizea kultur elkarteak, eta urtero bezala, egun osoko besta izanen da apirileko azken igandean.

'Kateekin ateak hauts!' lelopean antolatu dute jardunaldia, eta adierazi dutenez, «gure arteko kateak hautsi nahi dituzte, baina guk erasoen kontra batzeko ideia zabaltzen dugu. Kateekin norberaren mugaren ateak hauts ditzagun, eta norberaren nahitik engaiamendu kate kolektibo eta oso bat sor dezagun, faxismoaren diskurtsoak suntsituz, euskararen kontrako jarrera oldarkorrak salatuz eta lurraren suntsitzea oztopatuz».

Egitarau oparoa apirilaren 27rako

Nafarroaren Eguneko programa 09:00etan abiatuko da; merkatua txalapartarekin izanen da Gaineko plazan eta askaria ikastolan Txitxirioak txarangarekin. 11:00etan desfilea abiatuko da Behereko plazatik, eta bertan parte hartuko dute Amezketako, Altsasuko eta Uztaritzeko dantza taldeek, makilariek, basandereek, basaldunek, Nafarroako eta Baigorriko ziganteek eta Kilimonek. 11:30ean ekitaldi nagusia eginen dute Elizako plazan, 12:00etan Bas'hitza eta Irrintzina eta 13:00etan larrain dantzak eta jauziak.

Behereko plazan ere izanen da zer ikusi. 12:00etan Mutil Gazteak txarangak joko du, 14:00etan Atzarbalek, 16:00etan Broken Brothers Brass Bandek eta 18:00etan Kalumek. 16:30ean dantza ikusgarria izanen da eta 17:30etik aitzinerat kontzertuak: Bilabal, Kaskezur, Bele eta EZEZEZ taldeak izanen dira oholtzaren gainean, eta 01:30ean Lutx DJa.

Haurren eta familien xokoan adin guziendako eskaintza izanen dute. 14:00etatik 19:00etara haurrendako puzgarriak eta aurpegi tindaketa izanen dira, bertzeak bertze. 15:00etan bertso saio musikatua eginen dute Alaia Martin, Haira Aizpurua eta Ekhiñe Zapiain bertsolariekin eta Amaia Castorene eta Xalbat Alzugarairekin gaietan. 17:00etan Pontx pailazoaren ikusgarria izanen da eta 18:00etan Oreka zirkoa.

Kulturaldia

Besta haundirako prestatzen hasteko, euskarazko ekitaldi ugari antolatu dituzte hilabete osoan.

  • Apirilaren 6an Antton Telleriak Ninini bakarrizketa umoretsua aurkeztuko du Baigorriko Bil Etxean 17:00etan.
  • Apirilaren 11n Ura ez baita beti gardena liburuaren aurkezpena eginen du Xabi Lasa idazleak Aldudeko liburutegian 19:00etan.
  • Apirilaren 18an Ziztada & Rlantz eta Odeiren kontzertuak izanen dituzte Baigorrin.
  • Apirilaren 26an Xiberoa kantuz loraturik emanaldia izanen da Bil Etxean 20:30ean, eta ondotik gaualdia ikastolan Arrano Band taldearekin.
  • Apirilaren 30ean Anarik kontzertua emanen du, Xabi Etcheverryren laguntzarekin, Izpegiko Behereko Bentan 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun